Imanol Lazkano: "Bertsolaritzako familia handiarekin moztea bezala izango da herriz herriko jarduna uztea"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko ots. 2a, 20:56

Larunbateko Bertso Egunean jakinarazi zuen 2012an erretiratuko dela plazetatik. Hamalau urterekin egin zuen jendaurreko aurreneko saioa; 76 urte ditu. "Ez dut arrastaka ibiltzerik nahi, eta onena izaten da bere garaian erretiratzea". Aurten 18-20 saio egiteko aurreikuspena du. Lapikue.net Azpeitiko Kultur Mahaiaren webak elkarrizketa egin dio.

"Herriz herriko nere jarduna aurten bukatzen dedala". Hala esan zuen larunbatean Imanol Lazkanok (Azpeitia, 1936) Donostian, Bertso Egunean —ikusi bideoa—. 62 urtean dabil plazan.

Zer dela-eta hartu duzu herriz herriko jarduna uzteko erabakia?

Urteek ez dutelako barkatzen eta dohainak jaisten doazelako. Ez dut arrastaka ibiltzerik nahi, eta onena izaten da bere garaian erretiratzea. Ikusiko banu bertsolaritzak nire beharra duela, ez nuen utziko igual, baina oso maila ona dago, gazteak ondo datoz, eta ez dago nire beharrik. Ailegatu zait uzteko unea.

Eta zergatik erabaki zenuen Bertso Egunean jakinaraztea?

Bertsolaritzaren arima han biltzen delako, azken batean. Hainbeste bertsolari eta bertsozale biltzen da Bertso Egunean, tokirik eta unerik onena hura zela iruditzen zitzaidala. 60 bat urtean nabil plazan kantatzen, Euskal Herri osoan horrenbeste lagun egin ditut, bertso munduari zor bat diodala, eta Bertso Eguna baino une hoberik ez da horrelako erabaki bat jakinarazteko.

Ustekabea eman zenuen.

Bai, jendeak horrela hartu zuen hasieran, baina ulertu zuen. Etxekoek, Laxaro Azkunek eta beste pare batek baino ez zekiten plazako jarduna aurten utziko dudala. Dena dela, han esango nuela inork ez zekiten. Esan beharrekoa esan nuen behintzat, eta hori hor dago.

Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendirekin saioan ari zinela bota zenuen. Dudarik egin ote zenuen?

Ez, dudarik ez. Baina oso gaizki pasatu nuen. Izan ere, bertsolaritzako familia handi horrekin moztea bezala izango da herriz herriko jarduna uzte hori. Hunkitu egin nintzen bertsoa botatzean.

Bertso Eguneko afarian zu izango zinen protagonistetakoa...

Jende asko etorri zitzaidan, bai, galdezka. Baina lehen esandakoa: denek ulertu dute nire erabakia.

2011n zenbat plaza egin zenituen?

18-20.

Aurtengorako zer aurreikuspen?

18-20 horiek egitea. Toki jakinetan egiten ditut saioak, eta aurten ere horrela aritu nahi dut.

Baina zure agurra dela-eta igual plaza gehiagotako eskaintzak izango dituzu. Orduan zer?

Aztertuko dut, ea zer moduz nagoen-eta. Baina ez dut zera berezirik egiteko asmorik.

Jendaurreko azkeneko saioa non egitea gustatuko litzaizuke?

Zeremonia kutsua duen saioen zalea ez naiz ni.