Axun Aizpuru: "50 urte betetzean nire margoen erakusketa egingo nuela esaten nuen"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko mar. 5a, 11:00

Gaur inauguratuko du Axun Aizpuruk bere lehen margo erakusketa. Brometan, lagun artean, 50 urte betetzean bere koadroen erakusketa egingo zuela esaten zuen. Patuak zer ekarriko duen inork ez daki, eta 50 urterekin bere lehen erakusketa irekitzear da Aizpuru. 

Axun Aizpuru

Gaur arratsaldean inauguratuko du Axun Aizpuru azpeitiarrak bere lehen margo erakusketa, Bergarako Nahikari tabernan. Gaurtik hasi eta hiru astez izango dira Aizpururen lanak tabernan ikusgai.  

Erronka handia al da erakusketa irekitzea zuretzat?

Bai, izugarria. Alde batetik, lotsa ematen dit nik zer egiten dudana erakusteak; eta, bestetik, gogoa ere badut. Nik etxekoei-eta galdetu diet ea nik egiten dudana erakusteko modukoa ote den.

Nolatan animatu zara zure margoak erakustera? 

Oso arraroa izan zen erakusketa egitera animatze hori. Behin, Bergaran genbiltzan lagunekin, eta lagun batek hango taberna batean erakusketak egiten zituztela esan zidan. Horrela, joan ginen tabernara. Lagunek han erakusketa egiteko zer egin behar zen galdetu zioten bertakoari, gero nik margotu egiten nuela esan zioten tabernariari...Tabernaria dena beteta egoten zela-eta aritu zen azaltzen. Ni, bitartean, han nengoen kontua nirekin joango ez balitza bezala. Halako batean, han etorri zen tabernaria bere agenda eta guzti. Eta ea martxoan zer iruditzen zitzaidan galdetu zidan begietara begira, eta baietz esan nion. Ondoren etorri ziren tripako minak. 

Aurretik inoiz pentsatu al zenuen erakusketaren bat egitea?

50 urte betetzean erakusketa bat egingo nuela esaten nuen. Eta azkenean, horrelaxe tokatu da, 50 urterekin sortu zait erakusketa jartzeko aukera. Baina erdi brometan esaten nuen, 50 urteak urrun ikusten nituelako. 

Nola aukeratu dituzu koadroak?

19 koadro jarriko ditut. Neuk erretratoetatik margotutako koadroak dira horiek. Gehienbat horrela pintatzen dut. Bestela, beste pintoreen koadroak hartu, eta horiek erresolbitzen saiatzen naiz. Horretan ere aritu izan naiz, baina erakusketakoak argazkietatik neuk egindakoak dira.  Koadro batzuek gogokoago izaten dituzu beste batzuek baino,  eta  horrelaxe joan nintzen koadroak aukeratzen.

 Noiz hasi zinen pintatzen?

Serio, orain dela 4 urte hasi nintzen; Jabier Sagarzazu akuarela egilearengana hasi nintzen joaten, Hondarribira. Sagarzazu akuarelista oso ona da, eta hark Hondarribian duen tailerrera joaten hasi nintzen: ikastera eta pintatzera.

Zein tipotako margo lanak egiten dituzu?

Akuarelan pintatzen dut nik. Beste ezer ez zait gustatzen pintatzeko; ikusteko bai, baina pintatu akuarela besterik ez dut egiten. 

Teknika akuarela, eta estiloa?

Definitu gabe dago, eta horrelaxe geldituko da.  Denetik pixka bat egiten dut, ahal dudan heinean.   

Besteen erakusketak ikustea ere gustatzen al zaizu?

Bai, bai. Besteen erakusketak ikustea asko gustatzen zait, eta ahal ditudan erakusketa guztiak bisitatzen ditut. 

Orain erakusketa Bergaran jarriko duzu, aurrera begira erakusketa beste lekuren batean jartzeko asmorik ba al duzu?

Lehenengo, erakusketa ireki eta zer gertatzen den jakin nahi dut. Jendeari gustatzen al zaion ikusi nahi dut. Ez da nire asmoa denei nire lana gustatzea, baina pixka bat gustatzea espero dut. Gero etorriko dira gerokoak.