Argazkiaren egia II

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko abe. 27a, 14:00

Argazkiari ezpala ateratzen hasi eta baita atera ere! Gogoratzen karlistak Azpeitiko plazan zioen argazkia jarri genuela (ikus hemen), baina duda genuenez, ea Herriko Plaza zen galdetu genuela? Orduko hartan Imanol Eliasek bere iritzia eman eta Perez Arregi plaza izango zela esan zuen. Bada orain, informazio gehiago lortu du lapikue.net-ek Aitor Aranbarriri esker.

(Kultur Mahaian bazkide egiteko idatzi lapikue@gmail.com helbidera izen-abizenak eta telefono zenbakia. Urtean 10 euro besterik ez dira).

Karlistak ikastaroan

Hasierako argazki hura bilatu genuen webgunean 1871ko argazkia zela zioen. Aranbarrik, ordea, Historia fotográfica de la última Guerra Carlista (Juan A. Pardo eta Juantxo Egaña, 2007) liburan bestelako datuak eta argazki gehiago aurkitu eta lapikue.netera bidali dizkigu. Liburu honek dioenez, argazkiak 1874aren amaieran edo 1875aren hasieran ateratakoak dira. Gainera, guk hasieran jarritako argazki huraz gain beste hiru ere agertzen dira, azalpen eta guzti. 

Bertan jartzen duenez, beste hiru argazkiak Artilleroen eskolako ikasleek aginduak jasotzen dituzten uneakoak dira. Laugarrenari, guk genuen hari buruz, berriz, hauxe dio: "Ikasleen ariketak ikusi ostean Amado Claver koronela eta Amador Villar, Juan Maria Maestre, Luis de Pagés eta Antonio Brea generalak". 

Hori bai, hemen ere, argazkiak Azpeitiko plazan aterata daudela dio, baina Lapikuek berriro Eliasi bidali dizkio lau argazkiak eta hauxe berak esandakoa: "Argazki bakarraren ordez gehiago ikusita, nire iritzian jarraitzeko oinarri handiagoa dut. Lau argazkietatik, 1. 2. eta 4. behintzat, zalantzarik gabe iruditzen zait garai batean Barrenkale zena eta gero Perez Arregi enparantzan ateratakoak direla, lurreratutako Bikuña etxearen ondoan. Eta laugarrena ere seguraski inguru berean, baina alboko etxearen zatia ikusten dela. Ez dut uste, Enparantza Nagusian sekula halako itxurarik zuen etxerik izan zenik, eta arku zahar handiak dituk oinarri nagusiak. Plaza  hitza erabiltzea berriz ez da harritzekoa, berez zabalgune handi bat izango zenez ingurua".


Karlistak plazan