Imanol Ubeda: "Ardatza 'Don Inorrez' izango da, baina izango da sorpresaren bat edo beste"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko urt. 28a, 12:00

Bide Ertzeanek Sanagustin kulturgunean joko du gaur iluntzean, 22:00etan. Imanol Ubeda taldekidearekin hitz batzuk egin ditu lapikue.net-ek eskainiko duten kontzertuaren eta taldearen ibilbidearen gainean.

13 urte pasatu dira lehenengo diskoa atera zenutenetik. Asko sinestu behar da egiten duzun horretan urte horiek guztiak irauteko.

Bai. Nik uste duela 13 urte ez genuela horretan pentsatzen, ez dakit, orain erraza da esatea, baina ez genuen gure burua imajinatzen hainbeste denboran. Izan ere, bost kantuko disko txikia atera genuen zalantza asko genituelako geure buruarekin: musika hori ez zen batere ohikoa Euskal Herrian, ni neu ere inoiz kantari aritu gabea nintzen, diskoak izango zuen erantzuna… Ibilian-ibilian 8 disko atera ditugu, kontzertu asko eman… Ez dakit. Gustuko izateaz aparte, egiten dugun horretan sinesten dugu, badugulako zeresanik eta oso gustura egoten garelako elkarrekin. Plazer handia da elkarrekin musika egiten jardutea, baina... orain ari naiz galderaz pentsatzen eta egia da ez dela batere ohikoa horrelako ibilbidea osatzea.

Zer aldatu da urte hauetan guztietan, zerbait aldatu bada?

Gauza asko eta ezer ez. Hasierako planteamendu estilistikoak eta musika egiteko modua mantentzen dira, baina egia da hamahiru urte hauetan sonoritate aldetik garapen handia egon dela. Bidean lagun batzuk topatu ditugu; Labritekin hasi ginen eta gero bere bakarkako ibilbideari eutsi zion, gero Joserra Senperena pianista topatu genuen… Kolore ezberdinetako diskoak egin ditugu, zeren diskoz disko ere eragin musikalak aldatzen joan dira. Zentzu horretan gure perspektiba musikala asko zabaldu da, esan nahi dut, traza ezberdineko doinuak landu ditugula disko hauetan guztietan. Funtsean, ordea, oinarrizko planteamendu musikala mantentzen da. Belarriak beti zabalduta izan ditugu gu garen hori galdu gabe eta horrek eman digu beste elementu batzuekin jolasteko gogoa.

Poparekin hasi zineten, baina rockari ere heldu diozue.

Bai. Batez ere lehenengo bi diskoetan popa da nagusi. Hirugarren diskoarekin, Grisarekin, taldearen esparrua zabaldu nahi izan genuen eta gure diskorik rockeroena atera genuen, dudarik gabe, bai kantuen egiteko moduan eta bai soinuan ere. Azken diskoetan amerikana-edo deitzen zaion estilora gerturatu gara. Amerikako Estatu Batuetatik datozen proposamenak asko entzun ditugu eta gustatu zaizkigu. Jakob Dylanetik hasi eta Wilcora-edo, estilo horietan nahiko tematuta gabiltz azken boladetan. Akaso, hori da gehien entzuten duguna eta eragiten diguna.

Zuzenekoetan ere esparru ezberdinetan ibili zarete. Behin Azpeitian akustikoa eman zenuten.

Bai, duela bost urte-edo eman genuen Non dira diskoa ateratzera gindoazenean. Aparteko gauza bat izan zen, zeren anaiak eta nik konplejo handiak ditugu talderik gabe jotzeko. Gaurko kontzertua ere laukote moduan emango dugu Joserra Senperena pianoarekin, akordeaoiarekin eta armonikarekin eta Karlos Aranzegi bateria eta perkusioarekin (atzo gripearekin zegoen eta ea jotzeko moduan den eta saio txukun bat egiten dugun).

 Gaurko kontzertuaren ardatza Don inorrez azken diskoa izango da, ezta?

Bai. Udazkenean diskoa atera genuenetik ardatz hartzen dugu, baina izango dira aurreko diskoetako doinuak eta sorpresaren bat-edo beste ere bai. Guk argitaratu ez dugun kanturen bat joko dugu eta baita bertsioren bat ere. Ez dugu sekula errepertorio berdina jotzen eta momentuan aritzen gara pixka bat gogoaren eta giroaren arabera. 

 Zuen zuzenekoek oso kritika onak jaso dituzte.

Gu ere harrituta gaude kritikekin. Pozten gara asko, Victoria Eugeniako kontzertuak izan duen oihartzuna kritika aldetik izugarria izan da. Ojala gaur etortzen den jendeak ere hori pentsatzea, ze talde majoa den!, baina gure eskuetatik kanpo dago hori. Mimo handiarekin prestatzen dugu saio bakoitza eta guretzako plaza guztiak dira berdinak, izan Victoria Eugenia edo edozein taberna. Gainera, Azpeitiko lagunek esan digute leku zoragarria dela Sanagustin eta gogotsu gaude hor jotzeko. 

Asteburuan Londresen izan zarete. Zer moduz han?

Bada, azpeitiarren bat edo beste topatu genuen eta esan zigun: "Lagunei esan diet e!, haiek han ikusiko dutela, baina nik astebete lehenago hemen!". Bertako euskal etxearen bitartez joan ginen eta harrituta geratu ginen zentzu askotan: ze mimorekin prestatu zuten, ze lanerako gogorekin dagoen hango jendea, egin ziguten harrera… Oso pozik ibili gara eta berriro itzultzeko gogo biziz gaude. Inportantea da tarteka inertziak apurtu eta zure ingurutik ateratzea, bai taldearentzat eta baita esperientzia pertsonal bezala ere.