23. Korrika

Kilometroen izpiek eta 23. Korrikak bat egin dute gaur Argantzonen

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2024 2024ko mar. 18a, 16:00
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH3 mailako ikasleak gaur Argantzonen 23. Korrikan.

23. Korrikan parte hartu dute gaur Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH3 mailako ikasleek Argantzonen. Kilometro bat egin dute lasterka Argantzon ikastolakoekin batera, eta ikasle batek aurtengo Kilometroen irudia den Eguzkilorez jantzita egin du korrika. Ondoren, hango ikastolako ikasleekin jolasean jardun dute.

23. Korrika gaur eguerdian 12:30etik 12:50era artean Argantzondik (Trebiñuko konderria, Araba) igaro da, eta Argantzongo ikastolakoekin batera parte hartu dute Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibako DBHko 3. mailako ikasleek, Kilometroetako izpiak haraino eramanaz.

Korrikaren kilometro batean eraman dute lekukoa bi ikastoletakoek elkarrekin, eta Kilometroetako irudia den Eguzkiloreak ere parte hartu du. Azpeitiko ikastolakoek Eguzkilorea oparitu diete Argantzongo ikastolakoei, eta haiek Argantzon eta Trebiñu lantzen dituen Pirritx eta Porrotxen CDa oparitu diete azpeitiarrei. Korrikan elkarrekin parte hartzeaz gainera, musikak girotuta, jolasean aritzeko aukera ere izan dute. Eta lasterraldia amaitutakoan, herriko plazan pintxoak eta edaria dastatzeko aukera izan dituzte.

Azpeitiko ikastolako ikasleak Argantzonera joan aurretik, hango ikastolaren inguruko lanketa egin dute ikasgelan, hala nola, Araba, Arabako kuadrillak, ikastolak... landu dituzte. 2001. urtean Araba Euskaraz ospatu zuten Argantzonen, eta segidan, ikastola sortzeko bidea hasi zuten. 2003. urtean sortu zuten Argantzon ikastola, inguruko herritar askok nahi zutelako euskarazko hezkuntza izatea.

Administratiboki Burgos da Argantzon, eta ikastolak bizirauteko Burgosko administrazioari diru laguntza eskatzen dio, baina honek beti uko egiten dio laguntza, euskaraz irakasten dutelako bertan. Ikastolak adarrak zabaldu behar izan ditu bidean aurrera egiteko; ondorioz, Argantzondik sei kilometrora dagoen Manzanos (Sagastieta) herrian Sagastieta Lehen Hezkuntza zabaldu dute. Orain dela bi urte, 2022. urtean, iritsi ziren LHko 6. mailara Argantzon ikastolako lehen ikasleak.

Argantzonen izan ostean, Kilometroak 2024ko izpiak 23. Korrikan bihartik etzirako goizaldean zabalduko dira berriro. Izan ere, asteazkenean, martxoaren 20an, goizeko 04:49an iritsiko da Korrika Azpeitira, eta bertan parte hartuko dute Azpeitiko ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek.

Larunbatean, Milagrotik Faltzesera

Joan den larunbatean egin zuten Tutera-Azpeitia egitasmoko bigarren etapa. 108 lagun elkartu ziren Lagun Onak Mendi Bazkunak Kilometroen Kultur Izpiak egitasmoarekin elkarlanean antolatutako egitasmoan. 21 kilometro luzeko ibilbidea osatu zuten mendizaleek Milagrotik Faltzesera artean. Hurrengo etapa, hirugarrena, Faltzes eta Lerin artean egingo dute apirilaren 13an. 23 kilometrotako ibilbidea izango da.