Hassanna libre, asilo politikoa orain!

Erabiltzailearen aurpegia Khamar Sahararen aldeko taldea 2015ko urt. 30a, 11:38

Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko Elkarteak bere babesa eta elkartasuna helarazi dizkio Hassanna Aaliari. Kausa sahararreko kide eta giza eskubideen aldeko ekintzailea pasa den urteko abenduan Azpeitian izan genuen hitzaldi batean Sanagustin kulturgunean, Lurralde Okupatuetako egoeraren berri ematen.

Hassanna Mendebaldeko Saharan, Aaiun-en, jaio zen 1988. urtean. 17 urte zituela, bere militantzia politikoari ekin zion, giza eskubideen defentsan eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen alde. Orduz geroztik, eta herrialdetik azken aldiz atera arte, tratu txarrak, tortura eta atxiloketak pairatu ditu polizia-etxe marokoarretan.

Horregatik guztiagatik, 2012ko urtarrilean, Hassannak asilo politikoa eskatu zion Espainiako estatuari. Bien bitartean, giza eskubideen inguruko formazioarekin eta hainbat hitzaldi eta topaketetan parte hartzen jarraitu zuen herrialde osoan zehar.

2013ko otsailean, hemen zegoela, internet bidezko irrati baten bidez, guztiz erabaki bidegabe baten berri izan zuen: biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten, Gdeim Izik-eko kanpamenduko gertakizunengatik. Epaia Rabateko Auzitegi Militarrak ezarri du, 25 zibil kondenatuz.

Nazioarteko hainbat erakundek publikoki eta aho batez salatu dute Auzitegi Militar honek abian jarritako prozedura ez dela bidezkoa, ez baititu gutxieneko bermerik betetzen: Dirudienez, akusatuen deklarazioak torturapean egin dituzte; gainera, ezin izan dituzte aurkeztu euren errugabetasuna baieztatzeko eskatutako frogak; eta azkenik, polizia akta faltsuak aurkitu dira.

Javier Canivell, Hassannaren abokatuak publikoki adierazi duenez, urtarrilaren 19an Barne Ministeriotik jakinarazi zitzaion, eskatutako nazioarteko babesa ukatua izan dela eta Hassanna estatutik 15 egunetan ateratzera behartzen duen agindua igorri zaiola. Hassanna atxilotua izateko arrisku larrian dago; biziarteko kartzela zigorra betetzeko espetxeratua izan daiteke, berez tratu krudel eta iraingarritzat jo daitekeena.

Honengatik guztiagatik, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari Hassanna Aalia-ri asilo politikoa ematea eskatzen diogu, egindako nazioarteko babes eskakizuna onartuz. Izan ere, bere herrira itzuliz gero, gogortasunez zigortua izango da agintari okupatzaile marokoarren eskutik eta bizitza osoan ez da berriz ere espetxetik aterako. Hassanna ekintzaile politiko bat delako, nazioartean aitortua, eta herri sahararren autodeterminazio eskubidearen alde era baketsuan borrokatzen duelako.

Hassanna LIBRE, asilo politikoa orain! lelopean, Bilbon larunbat honetan, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 17:00etarako deitu den manifestazioarekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu.