Eskerrik asko guztioi!

Erabiltzailearen aurpegia Khamar Sahararen aldeko taldea 2013ko urt. 30a, 18:18

Sahararen aldeko astea antolatzen ibili diren guztiek eskerrak eman nahi dizkiete aste honetan parte hartu duten guztiei. Bai Sahararen egoeraren inguruan sentsibilizatzeko antolatutako ekintzetara joan diren guztiei, eta baita, janari bilketan parte hartu duten guztiei.

Azpeitian laugarren aldia izan da Saharara joaten den karabanarako janaria bildu dela, eta pena merezi izan du. Beti janari asko bildu da eta ziur gaude saharar errefuxiatu kanpamenduetan asko eskertuko dutela hemen egindako ahalegina. Janaria eman duen orori eskertzen diogu, baina bereziki Azpeitiko Gaztetxekoak eta herriko hiru ikastetxeak aipatu nahi ditugu. Herriko gazteek eta ikastetxeetako kideek saharar herriari laguntza emateko eginiko ahalegina aipatzekoa baita. Guk, ahal dugun heinean jarraituko dugu karabanaren berri ematen, herritarrek jakin dezaten beraiek emandako janariarekin zer gertatzen den.

Eskerrak baita ere Azpeitiko Udalari, aste hau antolatzeko garaian eskaini diguten laguntzagatik. Baita, herriko komunikabideei ere gure berri emateagatik, hauen laguntzarik gabe zailagoa izango baitzen gure berri horrenbeste zabaltzea. Baita herriko Ludoteketako kideei ere, gurekin buruturiko lankidetzarengatik.

Eskerrak bihotz-bihotzez guztioi eta aurrerantzean ere izango dugu elkarren berri.