Immatrikulazioak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2020ko mar. 27a, 09:00

Joxe Arregik 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Diruak ez du eragin onik Jainkoari buruzkoetan", idatzi zuen Tertuliano, III. mendeko Eliz irakasleak, kristautasuna erromatar inperioko erlijio ofizial izatera iritsi gabe zela eta kristau izatea zigortua zenean. Zer esango ote luke gaur, nagusitasunaren ondasunei eta pribilegioei kosta ahala kosta eutsi nahi dien Elizaz?

Gatozen hainbat hizpide ematen ari diren immatrikulazioetara. Jakina denez, Franco diktadoreak 1946an ezarritako legeak aukera eman zien gotzainei –odolkiak ordainetan– kudeatzen zituzten lur-sail, etxebizitza, abade-etxe nahiz garajeak –eta frontoiak ere...– beren izenean erregistratzeko, "immatrikulatzeko". Edozer, kultu-lekuak salbu. Baina salbuespena ez zen arazoa: aski zuen gotzainak eraikia zegoen lurzorua erregistratzea, eliza edo ermita bera ere bereganatzeko. Aznarrek, gotzainekin zordun, Francoren legeari zuzenketa egin zion 1998an, gotzainek kultu-lekuak ere immatrikulatu ahal zitzaten. Ez zioten Aznarren opariari muzin egin: laster jarri zituzten beren izenean Kordobako meskita, Sevillako Giralda, Zaragozako Seoa, Donostiako Artzain Onaren katedrala... Milatik gora jabetza Nafarroan, 400 inguru Gipuzkoan. Espektakulu tristea: gotzainak harrapazka.

Ez dakit legez norenak ziren eta diren, eta ez dit axola. Historiaz, gizatasunez, Ebanjelioz, herriarenak ziren eta dira. Asko eta asko, erregeek eta handikiek eman zizkioten Elizari, eurenak balira bezala. Baina herriak eraiki zituen, herriak konpondu ditu. Herri-diruz beti. Jakina, orduan ia herri osoa zen Eliza. Elizak gizartea ordezkatzen zuen. Gaur inondik ere ez, eta horrek dena aldatzen du. Zer egin?

Hona nire proposamena: meza eta antzekoetarako erabiltzen ditugun bitartean, jarrai dezagula kristauok elizak erabiltzen, baina baita gainerako herritarrek ere, nahi badute, erritu zibiletarako nahiz kultur ekitaldietarako. Eta jabetza guztiak itzul daitezela lehenbailehen herriaren eskuetara. Diru-goseak eragiten dion Elizak ez du zerikusirik Jesusen Ebanjelioarekin.