Bidegurutzean

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2019ko uzt. 4a, 17:45

Joxe Arregik Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Konta ezin ahala bidegurutzek osatzen dute gure bizitza, gu baino lehen hasi zen eta gurekin amaituko ez den bidean aurrera. Urrats bakoitzeko banatzen zaigu oinen pean bidea. Bikoizten, hirukoizten, auskalo zenbakoizten. Eta nahitaez bat aukeratu behar mugarik gabeko bide-sarean, unibertsoa bezain mugagabe.

Ez dugu inoiz jakingo hautatu duguna zergatik hautatu dugun zehazki, baina horrek ez dio ezer asko axola. Badakigu, aldiz, pauso bakoitzean hartzen dugun bideak hurrengo pausoa baldintzatzen duela, eta bakoitzaren pauso bakoitza erabakigarria dela guztien etorkizunean. Horrek dio axola. Guztien onerako ez dena guztien kalterako da, eta norberaren kalterako, beraz, garen guztiok elkarturik baikaude zorionean eta txarrean. Guztion bideak gurutzaturik daude gurutzean eta pazkoan.

Nadin zehatzago. Natorren Europako Parlamentura. Europa ausart eta zalantzatia, munduaren larrialdi egoera global honetan, hil edo biziko bidegurutzean aurkitzen zara: nondik nahi duzu jo eta nora? Zer egin nahi duzu hain goraki aldarrikatu dituzun justizia, berdintasuna eta askatasunarekin? Zer, igarle izan zaituzten giza eskubideekin? Potentzia nagusi izateari utzi diozunean, historiatik kanpo geratzea erabakiko ote duzu, potentzia handiek –Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Errusia– zer dagiten albotik begira? Ekonomia berde, zirkular, gizatiarri uko egingo ote diozu, lehiatu behar itogarriari eta irabazi-gose hilgarriari itsatsirik? Non da zure utopia? Non zure arima?

"Gurea guretzat, kanpokoak kanpora", errepikatzen jarraituko ote duzu, etsipenez, Europa kristaua erreibindikatzen eta, aldi berean, Jesusen printzipioak –errukia, hurkotasuna, bakea– ukatzen dituen eskuin muturrak bezala? Ahaztu al duzu zeinen biolentoak diren mugak? Ez al duzu gogoan etorkinen zoritxarra pairatua duzula zuk ere, eta "atzerriak" konkistatuz eta ustiatuz eraiki duzula zeure ongizatea?

Memoriarik, duintasunik eta errairik baduzu, eraits itzazu harresiak eta mugak. Izan gogoan: besteen zoriarekin batera jokatzen duzu zeurea. Denok bat baikara.