Maite ditugunen errautsak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2017ko urt. 4a, 17:13

Aita hil zitzaigunean, Iturraldeko zelaian haritz-landaretxoa aldatu eta han sartu genituen errautsak, malko gozotan. Gero, amaren errautsak ere aitarenekin batera lurreratu genituen, haritzaren orpo saminean.

Orain, Vatikanotik ustekabeko xedapenak iritsi  zaizkigu: ez da debekatzen hildakoak erraustea, arima ezin dela eta erre, heriotzakoan gorputzetik bereizten omen delarik; halere, hilobiratzea hobesten da eta, erretzekotan, hautsak kanposantutik edo elizatik kanpo gordetzea zorrotz debekatzen digute, kasu larri bakanen batean izan ezik, gotzainaren baimenaz beti ere. Hautsak inon barreiatzea edota senideen artean banatzea ere debekatu egiten da, hildakoaren oroitzapena eta begirunea galtzeko bide emango lukeela eta. Bestalde, bere hautsak kanposantutik nahiz elizatik kanpo zabalduko liratekeen hildakoei ezingo zaie eliz hiletarik egin.

Jaun kardinal burutsuak gai hori serio-serio iker-tzen irudikatzeak... ez dakit zer ematen didan, barregura ala tristura. Inork gomendiorik eskatzen badit, hauxe esango nioke: maite dituzun hildakoen errautsekin egizu zure nahigabea gozatzeko eta haien oroitzapen samur eta samina ohoratzeko egokien iruditzen zaizuna. Leku guztiak dira kanpo santu, itsaso nahiz mendi, baso nahiz zelai. Hauts guztiak dira bat, batera gorde nahiz noranahi zabaldu. 

Lur-hautsetik gatoz, eta izar-hautsetik. Hildakoen errautsak bizi-hauts izan ziren, bizi-hats hauskorraren euskarri. Maite ditugunen bizigarri izan ziren, biziaz osoki hustu ziren arte. Eta biziduna, bizia osoki emanez, osoki husten denean, zer bilakatzen da,  Bizi huts baizik, hots, osoko, betiko, beteko Bizi baizik?

Maite ditugunen hautsak maiteko ditugun eta gaituzten bizidun berrien bizi-euskarri bilakatuko dira. Biziaren hazgarri eta hats-garri ari dira dagoeneko bilakatzen. Eta hala ari gara bizidun guztiok, hautsetik hautsera, hatsetik hatsera, Bizi-arnasaren historia unibertsala osatzen, arnasa hartu eta arnasa eman.

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)