Pobreago eta zoriontsugoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2015ko ots. 26a, 08:16

Ez dut esan nahi "zenbat eta pobreago hainbat eta zoriontsuago", gezurra baita. Eta ez dut esan nahi pobre asko aberats asko baino zoriontsuago denik, bistakoa den arren. Esan nahi dut, mundu mailan, bataz beste, herrialde pobreetako jendea zoriontsuago dela herrialde aberatsetakoa baino. Bada zer pentsatu.

Ez naiz neure golkotik ari. Win/Gallup International merkatuaren ikerketarako erakundeak iazko urte amaieran emandako datuak ditut aurrean. Munduko 65 herrialdetako biztanleei nola sentitzen ziren galdetu zien erakundeak: oso zoriontsu, zoriontsu, zoritxarreko edo oso zoritxarreko –jendearen aldartea asko interesatzen baitzaio merkatuari; ez, noski, zoriontsuago egin nahi dituelako, bezerorik onenak non aurkituko dabilelako baizik–. 

Barometro horren arabera, Fiji irlak (Ozeania) da herrialderik zoriontsuena: hango biztanleen %93 zoriontsu edo oso zoriontsu da. Kolonbia da zerrendan hurrengoa –biztanleen %90 dira zoriontsu edo oso zoriontsu–. Ez dira, noski, herrialderik pobreenak, baina aberatsenetatik oso urrun daude, eta askoz aberatsagoak baino zoriontsuago dira. Beste datu deigarri bat, lezio berdinarekin: Kontinenterik zoriontsuena Afrika da. Tristeena, berriz, Europa. Zorionaren eskala ez da, beraz, per capita errentaren parekoa. Horretara iristeko ez genuen erakundearen beharrik, baina hor dago. Eta gu Afrikari lezioak ematen –eta mugak jartzen–. Bezeroak nahi eta zoriona falta.

Ikasi beharko dugu ez dela zoriontsuago gehiago duena, gutxiago behar duena edo duenarekin konforme dena baizik. Ez gaituela zoriontsuago egingo barne-produktu gordinaren hazkundeak, barnetasun eta elkartasun gizatiarrean sakontzeak baizik. Auzokoak kotxe hobea duelako zoritxarreko garen bitartean, ez garela inoiz zoriontsu izango. Ikasi beharko dugu gutxiagorekin zoriontsuago izaten.

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.