Helmuga eta helbidea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2020ko mar. 24a, 10:00

Jon Gurrutxagak 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtarrilean askatu zuten Ekaitz Samaniego preso politiko gasteiztarra. Memoria kolektiboa lohitu ez dagigun, kale istiluak eragitea eta Segi gazte antolakundeko kidea izatea egotzita zortzi urte jan behar izan ditu Ekaitzek espetxe zuloan –22 urte zeuzkan gatibatu zutenean–. Askatu berritan, Hala Bedi irratian elkarrizketatu zuten, eta, une batean, elkarbizitzaren gaiaz galdetuta, bake hitzari eman izan zaion trataera murriztailea problematizatzen du, nire ustez, behintzat, erabateko zuhurtziaz: "Bakea, existitzekotan, helmuga utopiko baten moduan ulertu dezaket bakarrik. Hitz egin dezagun sistemaren egiturazko zapalketa guztiez, bestela, arazo asko ariko gara bazterrean uzten eta normalizatzen". Bakea, justizia bezala, zoriontasuna bezala, balio absolututzat ulertzeko dabilen joerari zaplastekoa da gasteiztarraren adierazpena. Noren bakea? Nolako justizia? Zein zoriontasun? galdetuz, maximok lurtartu nahiko balitu bezala; lorgarritasuna ukatzeke, baina hitzen izaera politikoa nabarmenduz. Halere, gaur ez nator, zehazki, horretaz hitz egitera. Ekaitzen hitzek, helmugari eta helbideari, gailurrari eta bideari, helburuei eta bitartekoei gogarte bat eskaintzeko gonbita luzatu didatela sentitu dut.

Andoni Egañak, Berriako bere zutabeetako batean, zoriontasunaren inguruko pasarte bat ekarri zuen, gogoan iltzatu zitzaidana. Nola pertsona bat zorionaren kontsultara joan, itxarongelan txanda noiz iritsiko zain egon eta bere txanda ailegatzean zorionaren gela hutsik bilatzen duen. Orduan ohartzen da zoriona zorionaren itxarongelan egoten dela beti. Bere gremioko beste eminentzia batek, Amets Arzallus hendaiarrak, 2013ko final handiaren karietara, horrela bezatzen zuen txapelaren balizko itzala: "Gailurrak ez du bidea eder egiten, bideak gailurra baizik". Xaloa da Ametsen asmoa, eta bizitzari heltzeko modu bat adierazten du, eraikitzaileena zein interesgarriena nire iritziko; eguneroko lan etengabeari balioa ematearen eta norbere burua Olinpoaren fokupetik apartatzearen aldekoa.

Gaurdanik hasi

Gaur eta bihar A izango naiz, etzi B izateko ezinbestekoa zaidalako. Itxura batean jarrera pragmatikoa dirudienak A-ren betikotzea du bokazio, izaeraren eraldaketa gerokotan uzten duelako. Defendatzera natorrena zera da: gaur ahalik eta A-ena izango naiz, eta bihar ere bai, etzi B izatera heltzen jarraitzeko. Etzi gizarte berri bat nahiko banu, gizarte berri horretarako pertsonak hezteko baliabideak jarri beharko nituzke gaurtik hasita, gaurko pertsonekin irudikaezina litzatekeelako etzirako nahiko nukeen gizartea. Bien arteko aldea nabarmena da: jokoan dauden piezak ahal bezala mugitzea, balizko garaipenaren fantasian, edo dauden piezak helburuaren arabera moldatzen saiatzea, hasiera-hasieratik. Aipua argigarri gerta daitekeelakoan, Joxe Azurmendi pentsalariaren bat: "Helburua eta bitartekoa kontzeptu erlatiboak dira. Praktikan, bitartekoa, egintza planifikatzerakoan, helburu bat da bera; gaurko helburua, urrats bat gehiago, eta hurrengo helburuaren bitarteko bilakatu  da".

Azken gako hori, edozein mugimendu politiko, norbanako zein artistaren muin-muineko auzia dela pentsatzen dut –estrategikoa–. Planteamendu gauzagarriak mahaigaineratzekotan, asmatu beharko genuke helburuak bitartekoetan barnebiltzen, edo, bestela esanda, jakin beharko genuke gaurdanik eratzen gutaz hemendik X urtetarako daukagun proiekzioa.