Danborrada koloretsua

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Arrizabalaga | Iritzia | Artikulua
2017-01-25 17:28

Azpeitiko danborrada telebistan edo beste medio batean ikusten ari dena, azpeitiarra ez bada edota ohiturarik ez badu danborrada ikusteko, harrituta gelditzen da oso koloretsua ikusten duelako herri honetan izaten den danborrada. Agian, norbaitek galdetuko du ea zergatik, beste inon ez bezala hain koloretsua den, esan nahi dut zer dela eta hainbeste jantzi desberdin erabiltzen dituzten.

Baserritarrak, pilotariak, eskoziarrak, toreroak, tirolesak, arrantzaleak, Zumalakarregiren boluntarioak... baina, ez da halabeharrez gertatu horrela izatea, baizik eta historia gatazkatsu baten ondorioa da, eta saiatuko naiz historia hori azaltzen; izan ere, jende askok ez daki horren berri eta, oker ez banago, aipatuko ditudan gorabeherak, nik dakidala, behintzat, ez dira inoiz argitaratu.

Danborrada lehenengo aldiz pasa den mendeko 60. hamarkadan atera zen kalera, ez nago ziur zer urte izan zen, 1965ean, agian. Kontua da OARGI gazte erakundea zela antolatzeaz arduratzen zena. Bestalde, danborrada egitearen ideia Don Baldasar eta Don Zezilio apaiz donostiar gazteena izan zen; oker ez banago OARGIko kontziliarioa Don Zezilio zen eta hura izan zen asmo hura bultzatu zuena. Asmo hura burutzeko jantziak lortu behar ziren eta danborrak ere bai. Horretarako, Donostiako Napoleon jantziak alokatzen ziren denda batetik ekartzen ziren eta herriko suhiltzaileen uniforme zaharrak ere erabili ziren.

Urte haietan herrian gazte mugimendua indartzen ari zen, zapaldutako herri bat ginelaren kontzientzia hedatzen, alegia. Testuinguru hartan kokatu beharko genuke, beraz, aipatzen ari naizen historia hau. 1967 edo izango zen. Iritsi zen antolatzeko garaia eta landetarrek esan zuten beraiek baserritarrak zirela eta baserritar jantzita atera nahi zutela. Horrela egitea adostu zen, baina garaiko udalak –udal frankista, portzierto– esan zuen ezta pentsatu ere; hori ez zuela onartuko. Horren aurrean OARGIk erabakia hartu behar zuen: Udalari men egin ala landetarrekin bat egin. Eztabaida batzuen ondoren, OARGIk erabaki zuen landetarren proposamenarekin bat egitea.

Eskerrak San Sebastian bezpera hartan eguraldi txarra egin zuen! Euria etengabe aritu zen. Udalak danborrada egin nahi zuen eta talde txiki bat prestatu zuen horretarako, baina ez zen Sanagustinpetik mugitu eta urte hartako danborrada bertan behera gelditu zen. Danborrada ondoren, Berdura plazan berbena zegoen antolatuta, eta hura bai, aurrera atera zen. Oso giro ona izan zen, jende askok parte hartu zuen. Horretarako, Bizkaitik herritar batzuek Oro izeneko garagardoa ekarri zuten. Boikota egin zitzaion El Leon garagardoari.

Ondorengo urteetan hasi ziren lagun talde gehiago ere euren jantziak aukeratzen, gaur egun ezagutzen dugun danborrada bihurtu arte.

Eraldaketa soziala?

 

(2017ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako gutuna)

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa