Mikel Astigarragari erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Altuna 2015ko urt. 26a, 17:48

San Sebastian bezperan lorik ez omen zuen egin Mikel Astigarragak. Urte batzutan danborrada ikusi gabe, idaztera eramana duena Gure Esku Dago ekimenaren kanta jotzerakoan zuzendari bat eta hainbat danborjole (ni tartean) geldirik ikustea izan da.

Nire aitak 76 urte ditu. Behar bada gehitxo da 3 egunetan pieza berri bat ikastea eskatzea. Aurreko asteko entsegu baten ondoren, zuzendari batek, entseguan abesti hori gaizki zuzentzen ari zelako bronka jaso zuela esan zion eta gaizki egitea baino, ez egitea pentsatu zuen.

Nire aita ez da abertzalea. Eta? Azalpenak zor al dizkizu? Bere pentsakerarekin bat ez dagoen zerbaiten alde ilusioz egin behar al du? Zergatik Azpeitian, danborradan ere, aukera ideologikoak egin behar dira? Eta ez ezazu pentsatu ELAri eta EAJri botoa ematen diegunoi Sortuko eta LABeko pankartak ikusteak izugarrizko ilusioa egiten digunik...

Ni abertzalea naiz eta ez nuen jo. Eta zer? 8 urtez udaletxean politika eta festak ez direla nahastu behar defendatu dut. Abertzaletasun estandarra ez al nuen eman? Zu al zara neurri horren egilea eta jabea? Nork eman dizu gai honetan epaile izateko eskubidea?

Herri libre bateaaaaaaan aukera hori hartzea, danborra noiz jo edo ez jo, ilusioz jo... libre izango al da, edo ez? Herri librea bateaaaaaaan biziko gara baina zerbait zure gustukoa ez bada... Zer askatasun konzeptu da hori?

Beste udal talde batzuek danborradaren inguruan hartu zituzten erabakiek, gaur eguneko udal honek hartu dituenen zilegitasun berdina zuten, baina mehatxuak, biraoak, txistuak, boikot aktiboa... jaso zituzten. Nire aitak ez zuen ez txisturik jo, ez inor intsultatu, ez oztopatu, ez boikoteatu... errespetuz geldirik egon zen.

Zer egin duzu zuk danborradaren alde Azpeitiak eta Gure Ametsak zer merezi duten erabakitzeko?