Luis Agirre 'Katxi': "ISB nesken harrobian egiten ari den lanak eta esfortzuak emaitzak ematen ditu"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2017ko api. 12a, 12:55
Luis Agirre 'Katxi'. (ISB)

Añares ISBko bigarren entrenatzailea eta ISBko kadete nesken entrenatzailea da Luis Agirre Katxi (Azpeitia, 1990). Aste Santuan, apirilaren 13tik 16ra, Zaragozan izango da Espainiako selekzioarekin. Bertan, 15 urtetik beherakoen bigarren entrenatzaile lanak egingo ditu azpeitiarrak.

Zer egiteko izango duzu Espainiako selekzioarekin?

Zaragozako MHL Txapelketara noa. Han, junior eta kadete mailako lagunarteko txapelketa jokatuko da, eta ni
entrenatzailearen laguntzailea izango naiz. Nire egitekoak izango dira, besteak beste, taldearen jarraipena egitea eta jokalari bakoitzaren garapena aztertzea.

Espainiako selekzioak deitzen zaituen zenbatgarren aldia da?

Laugarren aldia da. Lehen aldiz, Guadalajaran izan nintzen U13arekin hiru egunez. Ondoren, Zaragozan izan nintzen U15-arekin (txapeldun izan ginen), eta, azken aldiz, Melillan izan nintzen U15-arekin Adiskidetasunaren Txapelketan.

Nolako esperientziak bizi izan zenituen?

Oso positiboak. Jende berri asko ezagutzen da halakoetan, maila altua duen jendea ezagutu ahal izan dut. Gainera, profesionalki, Espainiako selekzioa bezalako talde batek nola funtzionatzen duen barrutik ikustea oso interesgarria da.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak ba al du zerikusirik Espainiako federazioak zu deitzearekin?

ISBko kadete neskekin Espainiako azpitxapeldun izan ginen 2014an, Tenerifen jokatu zen txapelketan. Lorpen horrekin beka bat lortu nuen Espainiako selekzioarekin Guadalajarara joateko. Ordutik aurrera, nirekin kontatzen jarraitu dute. Baina dena Iraurgik egin duen lan guztiaren ondorioa da; izan ere, nesken harrobian egiten ari den lanak eta esfortzuak bere emaitzak ematen ditu.

Zer asmo dituzu aurrera begira?

Aurrera begira jarrita, ez daukat asmo zehatzik. Gustuko dut entrenatzaile aritzea, eta, bitarte horretan, entrenatzaile lanetan jarraituko dut, oraingoz oso gustora nabil eta. Ilusioa sortzen didan talde batekin nagoen bitartean, aurrera jarraituko dut. Etorkizunean aukeraren bat agertzen bazait... Nork daki! Baina ez dut gehiegi pentsatzen horretan.