Aurreneko postuetatik ez aldentzeko garaipena lortu du Sammic-ek, eta Añaresek ezin izan du garaipena eskuratu

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2017ko ots. 20a, 12:49
Sammic ISBk atzo jokatutako partidako irudia.

Atzo Agustinos Leclerc 93-79 menderatu ostean, sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du Sammic ISBk. Añaresek, berriz, ezin izan du garaipena eskuratu Bartzelonan, eta lehia estuaren ostean, 67 eta 62ko emaitzarekin itzuli da etxera.

Emaitza gozoak eta gaziak eskuratu dituzte ISBren bi talde nagusiek. Sammic-ek atzo, igandea, etxean hartu zuen Agustinos Leclerc, eta bigarren laurden on batek garaipena eman zion Iraurgiko mutilei; 93-79 garaitu zuten Leongo taldea. Aurreko asteko porrotaren ondoren, garrantzitsua zen berriro garaipenaren bidean sartzea sailkapeneko lehen postuetatik ez aldentzeko, eta Sammick-ek ez zuen aukera galdu.

Lehen laurdenean 4 puntuko aldea lortu ondoren, bigarrengoan oso ondo aritu ziren Iker Buenoren mutilak. eta partida aurreneko atsedenaldira 44 eta 31ko emaitzarekin iritsi zen. Lehen bi laurdenetan lortutako aldea eta taldearen maila mantentzea nahikoa izan zen partida irabazteko. Azpeitiarrek lan bikaina egin zuten berriro, talde sendoaren irudia erakutsita. Karena, Garcia eta Dezelski izan ziren atzoko saskiratzaile onenak.

Atzo eskuratutako garaipenarekin sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du Sammic ISBk, Coviran Granada eta HLA Lucentumekin batera.

Añaresek salto egiteko aukera galdu du

Añares ISBko neskak joan den zapatuan, otsailaren 18an, jokatu zuten Juventut Les Cortsen aurka, Bartzelonan. Aukera aparta zuen Añares ISBk sailkapenean salto garrantzitsua emateko. Izan ere, zapatuko garaipena lortzeak amets berriak izatea ahalbidetuko zieten Añareseko neskei. Baina lehia estu baten ondoren, ezin izan zuten garaipena eskuratu. Lehen laurden txarra jokatu zuten Xabi Chicoren neskek, baina markagailuari itzulia ematea lortu zuten, eta 33-38 irabazita joan ziren aldageletara. Hirugarren eta laugarren laurdenetan, ordea, etxekoak hobeto aritu ziren, eta markagailuan eurak izan ziren nagusi, 67 eta 62ko emaitza lortuta.