Emaitza gaziak eta gozoak ISBko bi talde nagusientzat

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urr. 31a, 14:42

Xuven Combados liderra menpean hartu zuen Sammic ISBk (91-88) Azpeitiko kiroldegian. Añares ISBk, aldiz, ezin izan zuen garaipena eskuratu Bartzelonan (71-65). 

Emaitza ona lortu du Sammic ISBk liderraren aurkako partida irabazita. Añares ISBk, aldiz, ezin izan zuen Bartzelonako Segle XXI menpean hartu. 

Atzo, igandea, jokatu zuen Sammic ISBk Xuven Combados taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian. Partidarik galdu gabe zetorren Xuven Combados Azpeitira, Zilarrezko LEB ligako lider nagusi bezala. Sammic ISB aldiz, denboraldi hasiera ona ondoren, azken norgehiagoka galduta zegoen. Partida hasieratik aurretik jartzea lortu zuten azpeitiarrek, neurketa bikaina jokatu zuten eta liderra lehen porrotera eraman zuten. 91-88 amaitu zen partida.

Joe De Ciman estreinakoz Sammic taldearekin aritu zen, eta afizioaren itxaropen guztiak bete ditu: partida ikaragarria berea! Guztira, 28 puntu eskuratu zituen eta 27ko balorazioa lortu zuen. Era berean, Karena, Garcia eta Maiza nabarmendu ziren. Atzoko garaipenari esker, Sammic ISBk ligako lehen postua lortu zuen, beste bost talderekin batera.

Ezin garaipena lortu

Bartzelonara bidaiatu zuen Añares Rioja ISBk Segle XXI taldearen aurka jokatzeko. Larunbateko, urriaren 29ko, partida berdintasunean hasi zen eta atsedenaldira markagailuan behetik joan arren, sentsazio onak zituzten ISBko neskek. Hirugarren laurden txar batek, ordea, tarte handia hartzea ahalbidetu zien katalanei. Hala ere, laugarren eta azken laurdenean Añaresek indarra atera zuen, eta trantsizio eta erasoko lan bikain bati esker aurretik jarri zen. Segle XXI taldeak, baina, kalitatea duela erakutsi zuen eta partida irabaztea lortu zuen, 71-65.

Añaresek hirugarren porrota jarraian jaso ondoren, hurrengo jardunaldian garaipena lortzeko lanean jarraituko du.