Euskal Kopa jokoan izango da Azpeitian asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko ira. 21a, 18:49
Michael Karena. (ISB)

Retabet GBC-Zornotza eta Sammic ISB-Araberri finalaurrekoak zapatu arratsaldean jokatuko dira; finala, berriz, igande eguerdian. Sammiceko jarraitzaileek fitxaketa berriak bertartik bertara ikusteko aukera izango dute, liga hasteko astebete falta denean: Karena, Otieno, Alex Ramon eta Ander Garcia.

LEB ligako taldeen Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Azpeitiko kiroldegian. Larunbat arratsaldean bi finalaurrekoak izango dira. Lehenbizi, 16:30ean, Retabet GBC eta Zornotza neurtuko dira. Ondoren, 18:30ean, Sammic Iraurgi eta Araberri izango dira nor baino nor gehiago. Bi irabazleek finala igande eguerdiko 12:00etan izango dute. Aurrez, 10:00etan, larunbateko bi galtzaileak neurtuko dira.

Retabet-en eta Zornotzaren arteko deman Porfi Fisacen taldea da finalerako txartela lortzeko faboritoa. Oroz, Lasa, Skouen eta Olaizola, gainera, etxera itzuliko dira. Zornotzak Bilbo Basketekin elkarlanerako akordioa duenez, ACBko taldeak utzitako hiru jokalarirekin etorriko da talde bizkaitarra.

Sammic-en eta Araberriren arteko lehiak itxura estuagoa du, nahiz eta arabarrak maila bat gorago egon. Iker Buenoren taldea fin ari da lanean eta, zaila izan arren, Araberri ezustean harrapatzen ahaleginduko da. Sammiceko jarraitzaileek fitxaketa berriak bertartik bertara ikusteko aukera izango dute, liga hasteko astebete falta denean: Karena, Otieno, Ander Garcia eta Alex Ramon Bueno entrenatzailearen aginduetara izango dira. Taldea erabat osatzeko oraindik ere beste bi jokalari falta dira.

Sarrerak

Euskal Koparako sarreren salneurriak honako hauek izango dira: bazkideek egun bakoitzeko (bi partida) 5 euro; bazkide ez direnek, egun bakoitzeko 10 euro.