Junior mailako mutilen Lauko Finala Azkoitian eta Azpeitian, asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko api. 15a, 20:16

Azkoitiko kiroldegiak Junior Mutilen Euskal Ligako finalerdiak hartuko ditu asteburu honetan. Baskoniak eta Easok antolatzeari uko egin eta gero, Iraurgik etxean borrokatu ahal izango du tituluaren bila. Finala igandean jokatuko da, 12:00etan, Azpeitian.

Glual ISBk hirugarren amaitu du txapelketako azken fase hau. 7 garaipen eta 3 porrotekin, Ander Arrutiren mutilak morala topera dutela eta saskibaloi askorekin aurkeztuko dira Lauko Finalera. Azken fase honetako hasiera ez zen oso ona izan. Unamunori irabazi zion Glualek lehen jardunaldian, baina gero Baskonia liderrarekin 60 eta 54 galdu zuen eta Azkoitian Easorekin 53 eta 81.

Ondoren jarraian eskuratutako lau garaipenek (Baskonia horietako bat izanda, gainera), berriz ere gora ekarri zuten Glual, Lauko Finala ziurtatuz eta azken jardunaldian Easoren aurkako partidari moralez topera aurre egiteko gogoz. Baina Easokoek sekulako kolpea eman zieten gure mutilei Bidebietan (63-37); Easo gozakaitz agertu da Iraurgiren kontrako partidetan.

Larunbatean berriro ere Easo edukiko dugu aurkari eta Ander Arrutik argi dauka denboraldiko partida hori izango dela; Iraurgik kantxa faktorea aprobetxatu beharra daukan partida, finalera iritsi eta tituluaren borrokan sartzeko. Glualek jokalari guztiak izango ditu prest, igandean tituluaren borrokan egoteko egundoko ilusioarekin gainera.

Zita oso garrantzitsua Azkoitiko kiroldegian, eta guztiak gonbidatuta zaudete gure Junior Mutilen Euskal Ligako taldeari behar duen bultzada ematera, Iraurgirentzat urteko lehen titulua izango litzatekeenaren bila. Gure betiko aurkariaren kontrako egundoko partida, bertaratzen direnak gozatzen jarriko dituena ziur.

Egurre Glual!

Egutegia

Larunbata, apirilak 16, Azkoitiko kiroldegian:

  • 10:00. Easo A - Glual ISB
  • 12:00. Fundacion 5+11 - Ziorkontrol Getxo

Igandea, apirilak 17, Azpeitiko kiroldegian:

  • 12:00. Finala