Roselis Silva, fase erregularreko balizko bostekoan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 31a, 19:55

Joko antolatzaile venezuelarra ligako ezusteetako bat izan da eta baita jokalari baloratuenetako bat ere.

Ez dago dudarik Añares Rioja ISBk asmatu zuela Roselis Silvaren fitxaketarekin. Joseba Lizarraldek aipatu izan du, udan Venezuelako selekzioarekin Euskadiren aurka jokatzen ikuzi zuenean bere taldearentzat jokalari aproposa izan zitekeela pentsatu zuela; baita asmatu ere, taldeko jokalari baloratuena izateaz gain, ligan zeresan handienetakoa eman zuen jokalaria izan delako.

Adaptaziorako jardunaldi batzuk behar izan zituen arren, bere mailarik onenera iritsi zen Gabonak heldu aurretik. Guztien ahotan egon zen orduan eta asteko bostekoan behin baino gehiagotan ikusi genuen. Gerora, Venezuelara joan behar izan zuen eta, arazo burokratikoak tarteko, uste baino beranduago bueltatu zen, zeukan txinparta hori galduta. Hala ere, taldeak lortu zituen bi garaipenetan berebiziko garrantzia eduki zuen eta denboraldia amaitu arte jokalari onenen zerrendan jarraitzea lortu du.

Bere zenbakiei so eginez gero logikoena litzateke, Espainiako ligan jarraitzeko apustua egiten badu behintzat, taula erditik gorako talde batean aurkitzea datorren denboraldian. Aurten, 36:19 minutu eman ditu kantxan batez beste, 15,9 puntu sartu ditu partidako (%41 jaurtiketetan), 4,9 errebote eskuratu ditu, 3,3 asistentzia banatu ditu, 4,5 baloi berreskuratu eta 4,2 falta jaso ditu partidako. Guztira, 16,4ko balorazioa lortu du batez beste. Gauzak horrela, ligako onena izan da baloiak berreskuratzerako orduan, seigarrena saskiratzaile nagusien rankingean, eta zortzigarrena jokalari baloratuenen zerrendan.

Guzti hau kontuan hartuta, eta fase erregularreko balizko bosteko onena egingo bagenu, Añares Rioja ISBko joko antolatzailea bertan aurkituko genuke, Paola Ferrari, Lyndra Weaver, Adaora Elonu eta Talia Caldwellekin batera.

Zorionak Roselis eta zorte on zure ibilbide berrian!