Defentsa, defentsa, defentsa... eta defentsa gehiago!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko ots. 26a, 17:37

Sammic ISBk igandean liga erregularreko partida intentsuenetako bati egin beharko dio aurre. Aceitunas Fragata Moron izango da irabazi beharreko aurkaria, azken segundora arte borrokatu eta hil arte estutzen duen taldea. Galdu ezin dezakezun egundoko partida kiroldegian, 18:00etan.

Granadan lortutako garaipen handiaren ondoren, Iker Buenoren mutilek erronka zorrotz bati egin beharko diote aurre igandean, 18:00etan Azpeitian. Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina asteburu honetakoa pixka bat gehiago da. Andaluziarra defentsan ikaragarri estutzen duen talde bat da, oso gogorra zona barruan eta sekulako aktibitatea daukana paseko marrak zaintzerako orduan, gure estiloaren antzekoa fase honetan.

Moron ukiezia izan zen bere kantxan lehiaketaren lehen tartean. Sammicek egundoko porrota jasan zuen han (83-68) eta bere azalean bizi behar izan zuen harmailetako berotasuna eta presioa, bere taldea 40 minututan animatzen duen zalegoarekin. Bere kantxatik urrun, zaleek ematen dioten plus hori gabe, talde andaluziarrak indarra galtzen du momentu garrantzitsuetan. Gure mutilek momentu horiek aprobetxatzeko erakusten duten gaitasuna ezinbestekoa izango da seigarren garaipena erreskadan eskuratzeko.

Igandean partida zirraragarri batez gozatzeko aukera daukagu. Gu bost garaipen erreskadan lortuta bolada bikainean gaude, baina kirol errendimenduaren gailurra ukitu ez dugula jakinda. Sammicek hazten jarraitzen du eta lehiaketako momentu oso garrantzitsuan; izan ere, garaipen bat gehiago lortuta play-off-etarako txartela eskuratuko luke taldeak. Moron, bere aldetik, Zornotzan garaipen baltsamikoa lortzetik dator (73-98), Xubenen, Valladoliden eta Granadaren aurka hiru porrot estu jaso eta gero.

Ez dago esan beharrik harmailak bete behar ditugula igandean. Txapelketan oso goian gaude sailkatuta, 6 jokalari gipuzkoarrekin, lehiaketako aurrekontu txikienetako batekin, umiltasuna eta lana nortasun ezaugarri modura...

Argudio horiek nahikoak ez baldin badira... ez duzu Iraurgi maite.

Egurre Sammic!