Ahal dela uste denean...

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urt. 25a, 11:03

Añares Rioja ISBk beste porrot bat jaso du CREF Holaren aurka, 49-78 amaitu ostean.

Izaten dira partida aurreak, taldearen barruko eta inguruko giroagatik, aurkariagatik eta sentsazioengatik sorpresa bat emateko moduan egon zintezkeela pentsatzera eramaten zaituenak. Añares Rioja ISBk horrelako zerbait bizi izan duen aldiro egurra jasotzen amaitu du, ordea. Atzo, igandea, CREF Holaren aurka jokatutako partidan kontu bera errepikatu zen. Izan ere, Joseba Lizarraldek esan bezala, Iraurgik alfonbra gorria jarri zion talde madrildarrari minutu askotan. Horiek, gainera, salbazioaren borrokan garaipen behar zutenez ez zuten erregaloa baztertu.

Aurreneko 15 minutuetan kanpoko taldea guztiz nagusi izan zen. Berta Chumillasek ezarritako erritmoan jokatu zuen une oro. Joko antolatzaileak 6 partida bakarrik daramatza talde madrildarrean, minutu bila iritsi zen eta aurkitu ditu, baina gainera kalitatezkoa izaten ari dira minutu horiek, CREF Holaren motorra bilakatu baita argi eta garbi. Weaber ere bere saltsan zebilen, errebotetxo bat hemendik, saskiratze bat handik… amerikarrak bere lanarekin izua zorrarazi zuen momentu oro eta Chamberikoek ihes egin zuten markagailuan. Etxekoak defentsan gaizki eta erasoan okerrago, zona barruan baloirik ezin jarri eta bakarkako jokaldiz josiak. Markovicek bakarrik lortu du markagailua pixka bat txukuntzea. Defentsa aldaketarekin bat iritsi zen gipuzkoarren erreakzioa, ordea. 22 puntu azpitik zebilen Añares, baina zonakako defentsan jarrita madrildarren erasoa trabatzea lortu zuen. Errebotea hobeto zaindu zuen eta horrela korrika gehiago eta hobeto egitea lortu. Atsedenaldira 13 puntu behetik joan ziren etxekoak, baina hirugarren laurdenaren hasieran azken minutuetan moduan jokatuz gero, madrildarrak urduri jartzeko aukera zutela pentsatuta.

Ikusleak ikusmiran jarraitzen zuten atsedenaldiaren ostean, baina bazirudien aldageletatik bueltak guztiz hotzitu zituela Añareseko jokalariak, lehen laurdeneko dinamikara itzuli baitziren. Esperantza guztiak hor amaitu ziren, alde batetik, jokalari garrantzitsuak bakarka aritu zirelako taldean beharrean, eta horrek porrotera eraman zituen. Bestetik, gainera, CREF Holak aurkariaren ahulguneak ikusita aginkada zorrotzagoak eman nahi izan zituen. 

Gauza asko hobetzeko talde gipuzkoarrak hurrengo partidetara begira: bakarkako erabakiak alde batera utzi, jokalari garrantzitsuren bat fisikoki berreskuratu eta ahal dela pentsatu bai, baina talde moduan lan eginda bakarrik.

Saskiratzaileak: (12-24/14-15/11-20/12-19)

AÑARES RIOJA ISB: Arregi (6), Bereziartua (2), Lizarazu (3), Davydova (20), Markovic (7)-  Uria (1), Epelde, Etxeberria, Astigarraga, Gurrutxaga, Silva (10)

CREF HOLA: Weaver (18), Leary (10), Bogicevic (18), Amukamara (9), Chumillas (12)- Rubene, Moreno (11), Lorenzo, Espin, Thompson.