Errealitatea krudelegia da batzuetan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urt. 18a, 13:13

Añares Rioja ISBk 94 eta 36 galdu zuen Perfumerias Avenidaren aurka, zapatuan jokatutako partidan. 

Izaten dira partida batzuk aurretik ere jakin badakizunak ez zarela irabazteko gai izango. Batzuetan esperantza mantendu beharra izaten da, ahalik eta lehiakorrena izanda, sorpresa baten esperoan. Astean zehar Euroligako partida garrantzitsua jokatuta eta irabazita, eta aurrean partidarik irabazi gabeko azken sailkatua izanda, Perfumerias Avenidak hasieratik argi utzi nahi izan zuen hasieratik, larunbatean ez zela ezustekorik egongo.

Partidan dena ematera irten zen lehen segundotik eta etxekoen, Salamancakoen, kontra ezer gutxi egin ahal izan zuen Añares Rioja ISBk. Kanpotik Rodriguez eta Margineanekin eta barrutik Ndourrekin, puntuak erraztasunez eskuratu zituzten Alberto Mirandaren neskek.

Bigarren laurdenean 2 puntutan utzi zuten Añares (18-2). Joseba Lizarralderen neskek lehen minutuetako urakana gelditu ahal izan zuten nolabait, eta jasotako puntu kopurua murriztea lortu zuten. Hala ere, erasoan ezin biderik aurkitu egon ziren, Garazik bakarrik lortu zuelako saskiratzea. Jaurtiketa libreen marratik ere dena beltz. Lehen laurdenerako guztia erabakita ez bazegoen ere (31-11), bigarrengoan ez zegoen zer eginik (49-13); hirugarren laurdenak bide beretik jarraitu zuen gainera. Gipuzkoarrak defentsa trinkoa mantentzen saiatu ziren eta jasotako puntuak etxekoen kalitateagatik etorri ziren gehienbat. Salamancako neskek ere berdin jarraitu zuten defentsan eta Iraurgikoek lortzen zituzten puntu bakoitza ondo izerditutakoa izan zen. Eiderren edo Naroaren hiruko bat, Markovicen barneraketa bat... azkenean 94 eta 36 bukatu zen partida. Talde handienek eta jokalari handienek txikienen aurka ere lan egin nahi izaten dute. Larunbatekoa horrela gelditu zen eta Añareseko jokalariak izarren aurka jokatu izanaren sentsazioarekin bueltatu ziren etxera. Datorren astekoa beste kontu bat izango da.