Sammic ISBk garaipen garrantzitsua lortu du Tarragonan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urt. 18a, 12:03

Atzo, igandea, jokatu zuen Sammic ISBk Tarragonaren aurka etxetik kanpo. Partida gorabeheratsua izan zen baina azkenean 68 eta 70 nagusitu zen Sammic. 

Atzo, igandea, jokatu zuen Sammik ISBk Tarragonaren aurka, etxetik kanpo. Neurriz hartu zuten partidaren hasiera bi taldeek. Etxekoak, Tarragonakoak, aurretik ibili zen markagailuan baina kantxan parekotasuna nabari zen. Bi taldeak defentsan buru belarri ibili ziren eta erasoak asko landu zituzten. Marciusek eta Segurolak lan itzela egin zuten defentsan eta horrek Sammic-i jokoaren kontrola bereganatzea erraztu zion eta lehen laurdenean garaile irten ziren (15-18). 

Gauzak oso gutxi aldatu ziren bigarren laurdeneko lehen minutuetan eta markagailuko parekotasuna handia izan zen bosgarren minutura arte. Bi taldeen defentsako lanak ona izaten jarraitzen zuen, Jordanen kantxaratzea ez zen oso eraginkorra izan erasoan, baina bere 2 erreboteak, 2 asistentziak eta berreskuratutako 3 baloiak oso garrantzitsuak izan ziren taldearentzat. Orduan agertu zen Jamal Wilson, Tarragonako taldea bizkar gainean hartu eta Sammic-i min ikaragarria egiteko. Gipuzkoarren defentsak ez zuen jakin etxekoen eskolta gelditzen. Gainera erasoan ideiak desagertu zitzaizkion Sammic-i, taldea erotu egin zen eta bakarkako jokaldiek ez zieten ezer onik eman taldeari. Tarragonak kanpokoen eroaldia aprobetxatu zuen hazteko eta minutu onak jokatuz partziala errez irabaztea lortu zuten. (21-13). Modu honetara markagailuan nagusi agertu eta 36 eta 31 joan ziren atsedenaldira. 

Aldageletatik bueltan Sammice- ez zion defentsa txarraren dinamikari buelta ematen jakin, tarragonak berriz oso intentsu irten zen kantxara. Berni Alvarezen mutilek alde nabarmena zabaltzea lortu zuten (44-31) eta Iker Buenoren taldea jokoz kanpo gelditu zen. Baina partidak espero ez zen buelta eman zuen. Sandik lorturiko 2+1eko batek etxekoen protestak ekarri zituen eta epaileek 2 falta tekniko adierazi zituzten. Jaurtiketa libreen marran denbora bat eman eta gero, Iraurgik partidaren kontrola berreskuratu zuen, Tarragonakoen nahastea aprobetxatu eta 0 eta 15eko partziala eginda, berriz jarri ziren aurretik markagailuan. Bi taldeak saskiratze elkartruke batean murgildu ziren, arriskua hartu zuten, baina Iraurgiren onerako, Semplek minutu oso onak jokatu zituen erasoan eta Cirkovicek arratsaldeko bere bosgarren hirukoa sartu zuen. Parekotasun horrekin, markagailuak 68 eta 70ekoa erakusten zuen. Tarragonak garaipena emango liokeen hirukoa bilatu zuen, baina zortea Iraurgiren alde jarri zen atzo eta Sammic-ek lortu zuen garaipena.