Denboraldi erdiko bazkide kanpaina jarri du martxan Iraurgi Saskibaloi Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urt. 13a, 10:48

Bazkide egiten direnek, 40 euro ordainduta hamabi partidutara joateko aukera izango dute: Sei sarrera Sammik ISB taldearen partidutarako eta beste horrenbeste Añares Rioja ISB ikustera joateko. 

Oraindik ez al zara bazkide? Despistatu xamarra bazara, "utzia", edo orain arte nahi izan ez duzulako... dagoeneko ordua da Gipuzkoako saskibaloiaren historiako proiektu garrantzitsuenetako biri heltzeko. Izan ere, iraurgik behar zaitu!

Ezin dizugu munduko saskibaloirik onena saldu, ezta estratosferako birrintzerik ere, ez daukagu cheerleadersik, ez dugu beti irabazten. Iraurgik saldu dezakeen bakarra ilusioa, lana eta izaera dira.

Hiru bertute horiek Emakumezkoen Maila Gorenera eraman gaituzte eta Zilarrezko LEB ligan jarraitzea ahalbidetu digute, zailtasun guztien aurrean, segundoro bersortzen, klub bezala egunero hazten...

Oso harro sentiarazten gaituzten hiru bertute, pasatzen den egun bakoitzeko aurrera begira kementsu jartzen gaituztenak. Harri azpitik ere agertzen diren arazoei aurre egiten laguntzen gaituzten hiru bertute dira.Horiekin gure lurraldeko jokalari eta entrenatzaileen aldeko apustua egin dugu, Gipuzkoan urte askoan gertatzen ez zena.

Argudio guzti horiek entzun ostean, ez bazaude gu laguntzeko prest, arazo bat daukazu: Ez zaizu saskibaloia gustatzen.

Zure zain gaude, kanpaina hau aprobetxatu ezazu eta saskibaloiaren "zoro eta friki" multzo honen partaide izatera pasatu zaitez, Azpeitiko kiroldegiko harmaila beteetan bizi den giroaz gozatu ahal izateko. Iraurgik behar zaitu! Gipuzkoako Saskibaloiak behar zaitu! Egurre Iraurgi!