Davydova asteko bost jokalari onenen artean aurrenekoz

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urt. 12a, 11:41

Mann Filterren aurka denboraldiko partidarik borobilena jokatu zuen Añares Rioja ISBko errusiarrak igandean. 30eko balorazioarekin amaitu zuen, asteko bost jokalari onenen artean.

Igandean jokatutako Manna Filterren aurkako partidak zapore gazi-gozoarekin utzi gintuen. Gazia Añares Rioja ISBk eta egindako lan ikaragarriak ez zuelako, beste behin, saririk jaso. Baina zapore gozoa ere utzi zigun, izan ere, taldeak azken partiduetan izan ez duen lehiakortasuna berreskuratu zuelako eta Marita Davydovaren alderik onena ikusteko aukera eduki genuelako.

Errusiar pibotak, Iraurgin dagoenetik, partidarik borobilena osotu zuen. Lehenagotik ere partida onak egin ditu Davydovak, Ferrolen edo Kanaria Handian egin zituenak esaterako, baina igandeko zenbakietara ez zen lehenago iritsi. 19 puntu, 15 errebote, 2 asistentzia, txapela 1 eta 7 jasotako falta; guztira 30eko balorazioa. Sekulako zenbakiak dira eta IDK Gipuzkoako Cierra Bravardek bakarrik gainditu ditu. Davydova izan da taldearen hirugarren euskarria orain arte, eta garrantzitsua litzake, amestutako lehen garaipenaren bila, bere zenbakiak oraindik eta gehiago potolatuko balitu. Orain arte denboraldian 11,5 puntu eta 8,9 errebote batu ditu bataz beste, 11,1eko balorazioa lortzeko. Ligako bosgarren errebotatzaile onena dugu eta aste honetan erakutsi du uztai azpiko erregina ere bihur daitekeela.

Zorionak Marita!!