Jende ugari Iraurgiren batzar orokorrean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko abe. 14a, 10:05

Maier Lizaso lehendakari den Iraurgi Saskibaloi Taldeko zuzendaritza taldea oso gustura gelditu zen asteazkenean egin zen Bbatzar orokorrarekin. Pozik gerturatu ziren 200 lagunei Iraurgiren gaur egungo egoera azaltzeko aukera eduki zutelako.

Espero zena baino jende gehiago bertaratu bazen ere, batzar orokorrak esperotako bidea jarraitu zuen. Jose Luis Zubizarretak kirol mailako iazko denboraldi arrakastatsuaren memoria plazaratu zuen. Zilarrezko LEB Ligan mantentzea, Emakumezkoen Bigarren Mailara igoera, eta Espainiako txapelketatan 4 partaidetza, besteak beste. Gerenteak denboraldi honetarako kirol proiektua ere taularatu zuen, iazko maila ikaragarria mantentzeko nahia azalduz.

Jose Miguel Etxanizi egokitu zitzaion diru kontuei buruz hitz egitea. 2014-15 denboraldia diru galera txiki batekin amaitu zen, baina hein handi batean Garagardo Azokak emandako irabaziei esker berdintzea lortu da. Denboraldi honetan klubak 500 bat mila euroko aurrekontuari egin beharko dio aurre eta asko borrokatu beharko da aurrera atera ahal izateko. Kuota igoera posibleari buruz ere hitz egin zen, gaur egungo kuotekin nekez estaltzen baitira taldeek sortzen dituzten diru gastuak.

Landu zen beste gaietako bat Gipuzkoako emakumezkoen saskibaloia berrantolatzeko dagoen akordioa izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak argi dauka oso zaila dela probintzia batean eliteko bi proiektu mantentzea ekonomikoki. Datorren astean, ziurrenik, akordioa erdietsiko dute eta publiko egingo ditugu xehetasun guztiak.

Gure masa sozialaren galderek eta ekarpenek bete zuten batzarraren azken zatia. Bertaratutakoek txalo zaparrada itzelarekin zoriondu zituzten taula gaineko kideak batzarraren amaieran. Gure masa soziala kontent da taldea egiten ari den lanarekin eta oso kontziente da gainera zer nolako lanak ematen dituen Iraurgi bezalako "munstroa" aurrera ateratzeak.

Eskerrik asko eta egurre Iraurgi!