Euskadiko hamar txapeldun Iraurgi SBn

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko abe. 9a, 18:33
Euskadiko Txapelketa irabazi duten ISBko bederatzi jokalariak. (ISB)

Joan den asteburuan Euskadiko Junior Txapelketa jokatu da Beasainen, eta bai mutiletan eta bai nesketan Gipuzkoako Selekzioa irten da garaile.

Joan den asteburuko zubi erraldoia aprobetxatuz, eta urtero data hauetan gertatzen den legez, Euskadiko Junior Txapelketa jokatu da bai nesketan eta bai mutiletan. Aurtengoan zita Beasainen izan da eta bertan izan dira Iraurgi SBko hamar ordezkari parte hartzen: lau jokalari eta entrenatzaile bat mutilen selekzioan (Jon Zabarte, Aitor Astigarraga, Ander Merketegi, Aimar Olaizola eta Jokin Etxebarria), eta bost jokalari nesken selekzioan (Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua, Larraitz Larrañaga, Maitane Dominguez eta Izaro Lizundia). Eta guztiak ere Euskadiko txapelarekin bueltatu dira etxera!

Larunbatean jokatu zuten lehen neurketa eta Araba izan zuten aurkari. Neskek oso erraz irabazi zuten, hasieratik zeukaten nagusitasuna erakutsiz. Amaieran 48 eta 86 irabazi zuten, historia askorik eduki ez zuen partidan. Mutilek gehiago sufritu zuten. Nahiz eta lehen minutuetan markagailuan alde egin, arabarrek asko estutu zuten neurketa euren presioarekin eta amaierako minutuetara arte ez zen neurketa erabaki. Momentu garrantzitsuetan burua hotz mantentzen jakin izan zuten gipuzkoarrek eta horregatik lortu zuten 57 eta 63 irabaztea.

Astelehenean mutilak izan ziren aurrenak jokatzen eta, Arabaren aurka egin moduan, Bizkaiari sekulako partziala eginda hasi zuten partida. Kontrarioen erreakzioa etorri zen, batez ere hiruko marratik, baina momentu oro ikusi zen Gipuzkoa nagusi zela eta azkenean 76 eta 68 irabazi zuten. Neskek, ordea, ikaragarri sufritu zuten eta hiru laurdenetan markagailuan azpitik ibili eta gero, azken laurden ikusgarri bati esker lortu zuten 56 eta 51 irabazten amaitzea.

Zorionak denei!