Roselis Silva eta Alexander Marcius jardunaldiko jokalari onenak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko abe. 9a, 11:15

Asteburu benetan berezia izan da hau Iraurgi SBko gorengo mailetako bi taldeentzat. Ostiralean, Añares Rioja ISBko neskek benetan estu hartu zuten Conquero ligako hirugarren sailkatua, baina ezin izan zuten partida irabazi (70-80). Larunbatean, berriz, Sammic ISBk irabazi egin zuen Araberriren aurkako derbia, eta Koparekin amesteko aukera eman dio garaipen horrek Iker Buenoren taldeari.

Baina bi protagonista handi ere utzi digu asteburuak: Alexander Marcius eta Roselis Silva. Izan ere, biek ala biek euren ligetako jardunaldiko jokalari onena (MVP) izatea lortu baitute.

Venezuelako joko antolatzaileak 34ko balorazioarekin amaitu zuen (Mann Filterreko Paola Ferrarik bezalaxe) Conqueroren aurkako partida; 25 puntu sartu, 7 errebote eskuratu, 3 asistentzia banatu eta 4 baloi berreskuratu zituen. Silva zer esana ematen ari den jokalaria da eta dagoeneko talde guztien scouting-ean dago. Ez da harritzekoa, ligako hirugarren saskiratzaile onena baita 17,18 saskiratze eginda, bataz beste, eta posizio berdina dauka balorazioen rankinean 18,18 lortuta partidako.

Antzerako egoeran dago Alexander Sandi Marcius. Sammic ISBko pibot kroaziarra hirugarrenez izan da aurtengo Zilarrezko LEB Ligako jokalari onena asteburuko jardunaldian. 30 puntuko balorazioa lortu zuen Araberriren aurkako derbian, 22 puntu sartu (14/10 jaurtiketetan), 11 errebote eskuratu eta 3 txapel lortuta. Taldeko erreferentzia nagusietako bat dela argi dago eta errekorrak hausten jarraitzen badu (denboraldi honetan jokalari onena izatea hiru aldiz lortu duen bakarra da, Urrezko LEB Ligako Burjanadzeren errekorra berdinduz) Sammic ISB goiko postuetan ikusiko dugu luzaroan.