25 minutuz eutsi zion Añares Rioja ISBk Perfumerias Avenidaren ahalari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urr. 8a, 19:50

Lehen laurdenean aurretik jarri arren, Salamancako taldeak duen maila erakutsi zuen azkenerako eta alde nabarmenarekin irabazi zuen (44-77). Hala ere, Europako talde onenetako baten aurrean ere lehiatzeko duten gaitasuna erakutsi zuten Iraurgikoek.

Partida ezin hobeto hasi zen Añares Rioja ISBrentzat. 6-0 aurretik jarri eta aurkariak aurreneko aldaketak egitera eta lehen hutsartea eskatzera behartu zituzten. Perfumerias Avenidak ez ohiko bosteko batekin ekin zion neurketari, baina Miranda entranatzaileak laster kantxaratu behar izan zituen jokalari onentsuenak. Etxekoen artean, Roselisek bereganatu zuen erasoko jokoaren ardura eta puntuak erraz pilatu zituen Venezuelakoak. Defentsan, berriz, ahaleginak eta bi egin zituzten gure neskek, baina fisikoan batzuen eta besteen artean dagoen aldea erabakiorra izan zen saskipean. Marita bakarrik izan zen gai kanpotarren pibotei aurre egiteko. Marina, aldiz, ez zen agertu lehen laurden horretan, eta kanpoaldeko jokalariak izan ziren errebotea ixteko ahaleginak biderkatu behar izan zituztenak. Ahaleginak merezi izan zuen, ordea: 14-12ko partzialarekin, etxeko jarraitzaileak zoratzen utzi zituzten gure neskek lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdenean defentsan gogorra ezarri zuen Perfumerias Avenidak, kantxa osoan presio itogarria eginez. ISBkoak urduritzea lortu zuten horrela, erdiko marra gainditzeko ere arazoak zituzten Joseba Lizarralde Rubio-ren neskek. Lehen zatian gertatutakoa ikusita, Roselisi markaketa gogorra egin zioten, arauzko defentsaren muga-mugakoa ere bai zenbaitetan, eta horrek nabarmen erasan zion Añares Riojaren erasoari. Defentsan lan ona egin bazuten ere, Perfumerias Avenidakoek eraso bakoitzean saskiratzea lortzen zuten; erasoko errebotea ere menpean zutela, bigarren aukerak zituztenean ere ez zuten barkatzen. Laurdenaren azken txanpan Eider Bereziartuak sartutako hiruko bati esker atsedenaldira bizirik iristea lortu zuten gure neskek. 9-20 nagusitu zen Salamancako taldea laurdenean, eta 9 puntuko aldearekin joan zen aldagelara.

Defentsan bikain jarraitu zuten kanpotarrek atsedenalditik bueltan. Presio horrekin etxekoek arazoak izaten jarraitu arren, lasaitasun handiagoarekin egin zioten aurre. Horrela, erasoan aukera hobeak sortzeko gai izan ziren. Eraginkortasunean huts egin zuten, ordea, Rubioren jokalariek. Errebotean erabateko nagusitasuna zutela, Perfumerias Avenidakoek eragozpen gutxi izan zuten markagailuan zuloa handitzeko. Añares Riojak zeukan guztia eman zuen defentsan, baina saririk gabeko ahalegina izan zen etxekoena. 12-17ko partzialarekin, garaipena bideratuta zuten gaztelarrek.

Azken laurdenean nahi bezala jokatu zuten bisitariek. Ordura arteko esfortzu fisiko ikaragarriaren pisua gainera etorri zitzaien Rubioren neskei, eta taldearen beherakada nabarmena izan zen. Salamancakoek defentsan sendo eta erasoan erraz jarraitu zuten. Guztia aurka izanda ere, Iraurgikoek ez zioten lan egiteari uko egin eta hori merezi bezala eskertu zieten ikusleek, txalo beroekin. Azken laurdenaren partziala gogorra izan zen (9-28), baina Añares Rioja ISBk minutu askotan erakutsitako lehiakortasun maila ere ez zen gutxiestekoa izan.