Sammic ISBk porrotarekin ekin dio ligari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urr. 5a, 19:12
Ruben Gutierrez (ISB).

Alacanten, Lucentumek 64-59 irabazi zion Iraurgiren gizonezkoen talde nagusiari, Zilarrezko Adecco ligaren lehen jardunaldian. Iker Buenok zuzendutako taldeak azkenera arte borrokatu zuen garaipenaren bila, baina ezin nahi zuena lortu.

Hasierako jauzitik hartu zuen Sammic-ek jokoaren agintea, erlaxatuta eta defentsarako grina handirik gabe kantxaratu zen Lucentumi partidaren erritmoa ezarriz. Aurkarien biko jaurtiketen kopurua bikoiztu egin zuten gureek, baina eraginkortasun handirik gabe. Hiruko jaurtiketei degokienez, berriz, Nikolasek sartutakoa izan zen lehen laurdeneko saskiratze bakarra. Defentsako lanean hobeto aritu ziren Buenorenak, euren saskipean lan ona eginez eta erreboteak ondo itxiz, eta Lucentumekoen saskipean ere erasoko erreboteak egoki borrokatuz. Erasoko jokaldietan saskiratzen saiatzeko aukera bat baino gehiago izatea ekarri zien lan on horrek, baina ezin asmatuta ibili ziren, hala ere, puntuak lortzerakoan. Horrela, eta jokoan eta aukeretan nagusi izan arren, 13nako berdinketarekin konformatu behar izan zuten Iraurgikoek lehen laurdearen bukaeran.

Bigarren laurdenean egoera ez zen asko aldatu. Jokoaren agintea eta erritmoa Sammic-enak ziren, baina eraginkortasunean hobekuntzarik gabe jarraitu zuen taldeak. Gainera, baloi gehiegitxo galtzen hasi ziren Buenorenak -12, guztira, laurden horretan-, puntuak lortzeko ezintasunari gehitu beharreko arazoa. Aleksandar Marcius iritsi berriak minutu asko jokatu zituen eta lan ona egin zuen; klubak barruko jokorako jokalari ona aurkitu duela dirudi. Azken fitxaketaren itxura ona gorabehera, ordea, etxekoak erasoko jokoari etekina ateratzen hasi ziren, eta sei puntuko tartea ireki zuten markagailuan, 20-14ko partzialarekin.

Atsedenaldiaren ondoren ere bide beretsutik jarraitu zuen Iraurgik: defentsa lan ona, bi saskipeetan errebotean nagusi, baina erasoan ezin asmatu. Ruben Gutierrezen gidaritzapean, erasoko saskibaloi ederra jokatu bai, baina eraginkortasun eskasarekin. Galdutako baloien kopuruak ere goraka jarraitu zuen, puntuak lortzeko oztopoak handituz. Hala ere, hirugarren laurden honetan partziala Iraurgikoen aldekoa izan zen (15-18).

Azken laurdenean, Lucentumekoek ederki asmatu zuten markagailuan zuten alde txikia kudeatzen, Sammic-ek defentsan egindako akatsak bikain baliatuz. Markagailuan atzetik eta neurketaren azken txanpan sartuta, arriskatu beharra izan zuten Buenoren jokalariek, baina zortea ez zuten alde izan. Azkenean, laurdenaren partziala (16-14) eta neurketaren garaipena (64-59), etxekoentzat.

Liga porrotarekin hasi arren, azken asteetako dinamika eskasari buelta eman dio behintzat taldeak. Atzo, garaipenaren bila azken momentura arte saiatu zen. Erasoan pixka bat gehiago asmatuz gero...

Aleksandar Marciusek 12 puntu eta 13 errebote lortu zituen bere estreinako agerraldian, 15eko balorazioarekin. Argi dago taldeak behar zuen jokalaria dela.

Partzialak: 13-13 / 20-14 (33-27) / 15-18 / 16-14.

Saskiratzaileak (Sammic ISB): Sarasola (2), Oroz (6), Arenaza, Cirkovic, Gutierrez (13), Maiza (2), Segurola (2), Guridi (2), Skouen (12), Marcius (12), Semple (8).