Euskal Kopan laugarren

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko ira. 29a, 19:44

Sammic ISB taldeak aste tamalgarria itxi du, Euskal Koparen azken fasean jokatutako bi partidak galduta. Zapatuan, Araberriren kontra galdu zuen finalaurrekoa, eta igandean ere burua makurtu behar izan zuen Zornotzaren kontra, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketan. Taldearen dinamika oso negatiboa izaten ari da, Olanderren beherakada nabaritzen dute.

Larunbatean gure mutilak ez ziren gai izan bost minutu kontzentraturik jokatzeko, nahiz eta behin eta berriz saiatu. Arabarrek hasieratik ezarri zuten euren erritmoa ezarri pistan. Sammic-ek ez zion jarraitasunik eman lan defentsiboari, ez zen bi defentsa jarraian egiteko gai izan eta horrek erasoan eragina izan zuen. Araberrikoak ere ez ziren txukun ibili saskiratzerakoan eta, horri esker, taldea -3ko diferentziarekin joan zen atsedenaldira (37-40). Fin ibili gabe, garaipena eskuratzeko aukerari eusten zioten Iraurgikoek.

Atsedenaldiaren ostean, ordea, jokoan hobekuntzarik ez zen iritsi. Defentsan ez ziren oso tinkoak izan eta erasoan are gutxiago. Ez entrenatzaileek, ez jokalariek, ezin izan zioten bizitzen ari ziren egoerari bueltarik eman; beraz, porrot nabaria iritsi zen (61-73). Kovacevic-ek -probetan dagoen jokalaria- sorbaldan kontraktura bat izan zuen, denak ikaratuta utzi gintuen gertaera. Jokalaria denbora luzez lurrean botata egon zen, min keinu nabariak eginez, eta partida etenda egon zen. Zorionez, ez du ezer larririk izan.

Partzialak: 16-17 / 21-23 (37-40) / 12-16 / 12-17.

Saskiratzaileak (Sammic ISB): Arenaza, Oroz (3), Gutierrez (6), Segurola, Semple (12), Guridi (8), Maiza (10), Sarasola (2), Cirkovic (5), Skouen (5), Kovacevic (10).

Igandean, Sammic-ek eta Zornotzak inork jokatu nahi izaten ez duen partida jokatu behar izan zuten. Goizeko 10:00etan, eta jokoan ezer ez egonda. Logikoa denez, partida ez zen oso zirraragarria izan.

Sammic-ek esparru asko utzi zituen libre defentsan, aurkariei hiruko jaurtiketa erosoak egiteko abaguneak lagaz. Zornotzak %52ko batez bestekoa izan zuen jaurtiketetan (10/19); Sammic taldeak, aldiz, %26ko batez besteko txiroa. Batez besteko horrekin ezin ba garaipenarengatik borrokatu.

Atsedenaldiaren ostean, bizkaitarrek jarduna apurtu zuten eta Sammic ez zen gai izan defentsan erreakzionatzeko. Partida ia erabakita zegoenean izan zituzten gureek minuturik onenak eta azkeneko partziala irabazi zuten. Porrot berri batekin (78-69), berriro ere aste bukaera oso txarra itxi genuen.

Txapelketa hurrengo asteburuan hasiko da, eta taldea ez da eroso jokatzeko gai izan azken hiru agerraldietan. Olanderren bajakk -seguru aski denboraldi osoa galduko du- taldearen moralean min egin du, eta horrek jokalari askoren ahultasunak agerian utzi ditu. Errenkada ixteko eta astean zehar energia positiboz betetzeko momentua da.

Kalitatea eta gaitasuna badauzkagu, jokoan askatzea eta pistan erakustea da falta dena. Hurrengo astean Iraurgiren espiritua erakutsi beharra dago, Alacanten. Seguru azalduko dela.

Egurre Sammic!

Partzialak: 20-18 / 17-17 (37-35) / 21-11 / 20-23.

Saskiratzaileak (Sammic ISB): Arenaza, Skouen (9), Gutierrez (4), Oroz (14), Guridi (5), Cirkovic (7), Maiza, Sarasola (2), Segurola (5), Semple (23).