Estreinakoa galdu bai, baina itxura ona emanez

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko ira. 28a, 20:14

Azkoitia Azpeitia ISBk 67-74 galdu zuen Spar Gran Canariaren kontra Emakumeen Ligako aurreneko jardunaldian atzo, igandea, kiroldegian. Baina sarrerakoan emandako mailak pozik utzi zituen kiroldegian elkartutakoak.

Lehen laurdenean maila estreinatzearen saihestu ezinezko urduritasuna nagusitu zitzaien etxekoei. ISBkoak estututa kantxaratu ziren, hitzorduaren garrantziaz jabetuta, eta estutasun hori nabarmena izan zen lehen jokaldietan. Spar Gran Canariakoak ere ez ziren askoz hobeto hasi, partidari neurria hartzea kostatu zitzaien haiei ere. Gure nesken defentsako lana ez zen, ordea, aurkarien kalitate indibiduala geldiarazteko bezain ona. Kanariarrak markagailuan tartea zabaltzen hasi ziren eta horrek lasaitasuna eman zion beren jokoari. Erasoan askoz erosoago, barruko jokoan zuten nagusitasunaz jabetuta, behin eta berriz bilatu zuten jokaldiak saskipean bukatzea. Minutuak aurrera joan ahala, Iraurgikoak defentsa lana hobetuz joan ziren. Hasierako urduritasunak gaindituta, partidari neurria hartzen eta beraien benetako maila erakusten hasi ziren Joseba Lizarralderen neskak. 10-14 bukatu zen lehen laurden hori.

Bigarren laurdenean Iraurgik ezarri zuen jokoaren erritmoa. Roselisek taldekideak lasaitzea eta zentzuz jokatzea lortu zuen, behin eta berriz baloiaren zirkulazio azkarra eta jaurtitzeko abagune onak bilatuz. Zoritxarrez, baina, gure nesken portzentaiak ez ziren onak izan, erantzukizunarekin besoak uzkurtuta bezala ibili ziren. Kanariarren entrenatzaileak nahikoa lan bazuen, etxekoek ezarritako erritmoa bere taldearentzat egokiena ez zenaren jakitun. Errotazioak baliatuz saiatu zen freskotasunaren bila eta Iraurgiren erritmoa mozten, baina ez zuen helburua lortu. Gureek defentsan egindako akats bati etekina aterata azken unean lortutako saskiratze batekin, bigarren laurdenaren partziala ere kanpokoen aldekoa izan zen (18-20), jokoaren nagusitasuna etxekoena izan arren. Davydova (9 puntu) eta Roselis (7) izan ziren Iraurgikoen jokalari onenak erasoan laurden honetan. Atsedenaldira iritsita, Azkoitia Azpeitia ISB sei puntu behetik zen markagailuan, baina taldea gehiago emateko gai zela somatzen zen.

Atsedenaldiaren ondoren, Spar Gran Canariak zona-defentsa ezarri zuen, baina Iraurgik jokoaren kontrolari eutsi zion, defentsan oso zorrotz arituta. Fisikoki kanpokoen nagusitasuna nabarmena bazen ere, errebotea ondo itxi eta kontraerasoan aritu ziren gure neskak. Azti ibili ziren Joseba Lizarralde Rubio-renak aurkarien paseak oztopatzen, kanariarren erasoko jokoa baldintzatzeraino. Zoritxarrez, ordea, saskiari begira eskas aritu ziren Iraurgikoak, eta alderantziz kanpotarrak. Eraginkortasun ezak eragotzi zien etxekoei markagailuan aurrea hartzea. Hala ere, aldeko partziala lortu zuten, 18-15. Horrela, 46-49ko emaitzarekin bukatu zen hirugarren laurdena. Ezer erabaki gabe, garaipenerako aukerak zabalik zituzten bi taldeek.

Azken laurdenean erasora irten ziren bi taldeak, defentsako eginkizunak pixka bat alboratuta. Hirugarren laurdenean Iraurgikoek defentsan jarritako eragozpenak lasaituta, erraz hasi ziren saskiratzen kanariarrak. Ordura arte lozorroan zirudien Stejskalov ere piztu egin zen eta, jarraian sartutako bi hirukorekin, 11 puntuko aldea eman zion bere taldeari. Baina Iraurgikoen kasta hor azaldu zen, harmailak berotuz. Geratzen zitzaizkion indar apurrak batu eta taldeak berea duen harrotasuna azaleratu zuen kantxan. Intza Lizarazuk hirukoa sartu eta indar berria eman zion taldeari neurketan. Roselis eta Davydova ere hor agertu ziren berriro, baina venezolarraren bosgarren faltak, azken minutuaren barruan, umezurtz utzi zuen taldea, erasoko jokalari finena galduta. Partida erabakita zegoela ikusi zutenean ere, azken txanpa horretan gogor jarraitu zuten lanean gure neskek, markagailuan tartea ahalik eta txikiena izan zedin. Eta lortu zuten. 21-25 izan zen azken laurdenaren partziala.

Porrota? Ba bai. Baina sentsazioak ere kontuan hartzekoak izaten dira, eta maila berri eta handi honetan lan txukuna egiteko oinarriak jartzen ere hasi zen atzo Azkoitia Azpeitia ISB. Aurten ezusteko bat baino gehiago emango diegu 'handiei'.

Ikusleak, beste behin, zoragarri egon ziren, taldeari babesa emanez eta abentura berri honetan ere hortxe izango dituztela erakutsiz, beti bultzada emateko prest. Partida bukatuta, txalo zaparrada batekin agurtu zituzten Iraurgiko neskak.

Egurre Iraurgi!

Fitxa

Partzialak: 10-14 / 18-20 (46-49) / 18-15 / 21-25

AZKOITIA AZPEITITA ISB: Arregi (4), Epelde, Bereziartua (5), Zubizarreta (3), Lizarazu (11), Davydova (16), Gurrutxaga, Silva (14), Markovic (12), Aizpurua (2).

SPAR GRAN CANARIA: Stejskalov (17), Tineo (1), Rodríguez, Mbulito (6), Royo (25), Rodríguez, Evers (10), Markovic (15).