Egin amets gurekin!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko ira. 25a, 20:00
Espainiako Emakumeen Ligaren ikurra.

Azkoitia Azpeitia ISBk igandean jokatuko du estreinako partida Emakumeen Ligan. Spar Gran Canaria izango dute lehen arerioa Azpeitiko kiroldegian. 12:00etan hasiko da partida eta sarrera doan izango da.

Azkoitia Azpeitia ISB ez da Emakumeen Ligako talderik onena izango. Behar bada sailkapenaren goikaldean ere ez gara ibiliko. Seguru gaude izerdia latz bota beharko dugula azken jardunaldira mailari eusteko aukeraren batekin iristeko. Oso litekeena da martxoan, azken jardunaldira iritsita, irabaztea beste aukerarik ez dugula izango hori lortu ahal izateko. Edozein klubentzat apustu zoroa litzateke, gutxik dute halako bati aurre egiteko balorea, baina Iraurgin desberdinak gara.

Erronkak maite ditugula erakusten ari gara azken hamabost urteotan. Hamarkada bat baino gehiago darama klubak saskibaloiaren alde apustu gogorrean eta, beti, gipuzkoarrez eta gipuzkoarrentzat osatutako kirol proiektuen alde lanean. Aurten filosofia horrek aparteko garrantzia izango du klubaren eliteko taldeetan.

Igandean historia egingo dugu, gure neskek historia egingo dute. Lehen aldiz, ordezkaritza izango dugu emakumeen saskibaloiaren elitean. Estatuko jokalari onenekin neurtuko ditugu indarrak eta, hamabostean behin, gurearen aurrekontua bikoiztu, hirukoiztu edota laukoizten duten taldeak izango ditugu bisitari. Eta gure jendearekin egingo diegu aurre, harmailak bete eta beraien neskak sutsuki animatuko dituzten ikusleen babesarekin egin nahi diegu aurre. Epika gustatzen zaigu.

Horregatik, igandean sarrera doan jartzea erabaki du klubak, dirua ez dadila aitzakia izan eta mundu guztiak izan dezala gertaera historiko horren parte izateko aukera. Jendea kiroldegira etortzea nahi dugu, non gauden ikus dezatela, puntu bakoitza lortzeko zenbat sufritu beharko den ikus dezaten. Ikusleak jabetu daitezela, klubarentzat eta taldearentzat zein garrantzitsua izango den beraien babesa. Finean, mila lagunek harmailak bete eta, gurekin batera, Gipuzkoako saskibaloiaren historian orrialde bat idaztea da nahi duguna.

Sarrerak eta abonamendua

Igandetik aurrera, Emakumeen Ligako partidak ikusteko sarrerak 10 eurotan salduko dira. Klubak abonatu kanpaina jarriko du abian, eliteko bi taldeak batera hartuta: 70 euroren truke, nahi dutenek Zilarrezko Adecco ligako eta Emakumeen Ligako partida guztiak ikusi ahal izango dituzte 2015-2016 denboraldian. Aste honetan bertan hasiko da kanpaina, kiroldegiko sarreran horretarako jarriko den mahaian. Izan ere, arlo ekonomikoan ere zuen ahalegina oinarrizkoa izango da, abentura izugarri honi aurre egin ahal izateko.

Era berean, igandeko partidan ISB tabernan bi lagunentzako afari bat zozkatuko da. Txartelak euro batean salduko dira, kiroldegian bertan.

Dena prest dago, ez dago atzera egiterik. Igandean apustuen eta pronostiko ezkorren kontrako borrokari ekingo diogu, gauzen ordena naturalaren kontrako borrokari. Abentura eder bat hastera goaz, Daviden eta Goliaten istorioaren bertsio berri bat, azken muturreraino eramana. Dena emateko prest gaude, Iraurgiren izena ahal dugun duintasun handienarekin defendatzeko.

Eta zuekin egin nahi dugu. Ez hutsik egin... inoiz ez duzue egin eta.