Aranur ISB Espainiako Txapelketako final zortzirenetara

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mai. 12a, 19:04

Iraurgi SBko neska juniorrek ez dute partidarik galdu txapelketako fase erregularrean, eta hori dela-eta taldeko lehen sailkatu bezala pasatu dira hurrengo fasera. Bihar, asteazkena, ekingo diete kanporaketei; Unigirona edo Estudiantes izango dute aurkari.

Iraurgiko junior neskek, Aranur ISBk, guztiok aho zabalik uzten gaituzte partidaz partida eta horretan jarraitzen dute Espainiako Txapelketan ere. Igandean ekin zion lehiaketari Aranur ISBk eta ordutik hiru partida jokatu ditu. Hiru partidetan garaipena lortu dute Iraurgiko neskek eta, ondorioz, hurrengo faserako sailkatu dira, taldeko sailkapen buru bezala, gainera. Bihar, astezkena, jokatuko dute Aritz Aldalurren eta Iñaki Aldanondoren neskek final zortzirenetako kanporaketa, baina oraindik ez dakite nor izango duten aurkaria, Kataluniako Unigirona edota Madrilgo Estudiantes.

Hiru partida, hiru garaipen

Igandean, CB Oncineda taldeari 53 eta 63 irabazi zion Aranur ISBk. Partida gehiena atzetik joan ondoren, azken laurdenean neurketari buelta eman eta irabazten amaitu zuten gure neskek. Atzo, berriz, Maristas Cordobaren aurka irabazi zuten. Atsedenalditik aurrera apurtu zuen partida Aranurrek eta amaieran 65 eta 46koa izan zen emaitza. Gaurkoan, azkenik, taldeko faboritoen aurka, Uva Ponceren aurka, jokatu du Aranur ISBk. Partida hasterako talde azpeitiarrak bazekien hurrengo faserako sailkatuta zegoela, baina taldeko lehen sailkatu bezala pasatzeko garaipena behar zuen. Oso partida berdindua izan da eta luzapenean ebatzi da. Gogor jokatu dute Iraurgiko neskek eta 53 eta 56 irabazten amaitu dute.