Aranur eta Glual Hydraulics, estatuko onenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mai. 7a, 18:39

Iraurgiko junior neskek ilusioz beterik bidaiatuko dute Guadalajarara larunbatean, eta igandean Espainiako Txapelketa jokatzen hasiko dira. Mutilak, berriz, itzuli dira dagoeneko Torrejonetik.

Euskadiko txapelduna den Aranur ISBk moralez gainezka eta motxilak ilusioz beterik dituela bidaiatuko du Guadalajarara larunbatean. Aritz Aldalurrek eta Iñaki Aldanondok zuzentzen duten taldeak Espainiako Txapelketa jokatuko du han, maiatzaren 10etik 16ra. Iraurgiko neskek badakite konpromiso zaila eta gogorra daukatela aurrean, baina nahiz eta ez jakin nolako maila aurkituko duten, garbi daukate beraiek ahalik eta ondoen jokatuko dutela.

Hiru partida jokatuko dituzte gure junior neskek fase erregularrean. Hori gaindituz gero, kanporaketak jokatuko dituzte Iraurgiko neskek. Hau da fase erregularraren egutegia:

Maiatzak 10, igandea, 10:30ean, CB Oncineda-Aranur ISB

Maiatzak 11, astelehena, 11:30ean, Aranur ISB-Maristas Cordoba

Maiatzak 12, asteartea,  12:30ean, Adarsa Uva Ponce-Aranur ISB

Glual Hydraulics ISBk partida bat irabazi du

Glual Hydraulics ISBk, berriz, aste honetan jokatu du mutilen mailako Espainiako Txapelketa Torrejonen. Ander Arrutiren eta David Rodriguezen mutilek zorte txarra izan zuten taldeen zozketan eta Real Madril eta CAI Zaragoza talde handiak tokatu zitzaizkien beraien multzoan. Igandean, txapelketako lehen neurketan, madrildarren aurka 48 eta 97 galdu zuten gure mutilek. Astelehenean, berriz, nahiz eta partidu hobea egin, ezin izan zuten irabazi CAI Zaragozaren aurka. Baina txapelketa bukatzeko azken neurketan, Pielagos talde kantabriarraren aurka 93 eta 66 irabazi zuen ISBk.

Hurrengo fasera pasatzerik izan ez zuen arren, benetan txapelketa ona egin zuen Glual Hydraulics ISBk, eta azken garaipen horri esker aho zapore onarekin amaitu du denboraldia.