Denon artean lortu dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko api. 22a, 17:29

Denboraldiko azken partidan, Sammic ISBk zaleei eskerrak eman nahi dizkie urtean zehar jasotako laguntzagatik. Larunbatean, 20:00etan jokatuko du Azpeitiko kiroldegian Grupo Eulen Carrefour El Boulevard-en kontra eta sarrera dohainik izango da, salbazioa ospatzeko.

Dagoeneko 29 jardunaldi pasatu dira Sammic ISBk joan den urrian denboraldiari hasiera eman zionetik. Bikain hasi zuen Iker Buenoren taldeak Zilarrezko Adecco mailako bidaia, eta segituan mailako ezusteko talde izena jarri zioten. Baina, gure ekipoak lehen sei jardunaldietan gora egin bazuen, hurrengo hainbat partidatan kontrako bidea egin eta sailkapeneko azken postuetaraino hondoratu zen. Hala ere, joan den asteburuan garaipena eskuratu zuen eta salbazioa lortu zuen, neurketa baten faltan.

Garbi dago gorabeheratsua izan dela denboraldia, gorabeheratsua taldea. Baina gauza bakarra izan da denbora horretan guztian aldatu ez dena: zaleen beroa! Izugarria izan da Sammic ISBk urte osoan jaso duen babesa eta laguntza; inguruko jendea izan da talde horren euskarria. Eta orain eskerrak emateko ordua iritsi da!

Datorren larunbatean, Sammic ISBk denboraldiko azken partida jokatuko du Grupo Eulen Carrefour El Boulevard taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian, 20:00etan. Iraurgiko taldeak ezer ez duela jokoan esango du jendeak ziurrenik, baina hori ez da horrela. Gure mutilek goreneko saskibaloia erakutsi nahi diete zaleei eta jasotako babesa merezitakoa izan dela esan. Lortutakoa beraiei esker izan dela garbi dauka talde osoak eta ikuskizuna emanez erakutsi nahi die hori jarraitzaileei. Horregatik, bazkide izan edo ez izan, taldeak eskerrak eman nahi dizkizu eta sarrera doan izango da guztiontzat. Horrez gain, bi zozketa potolo egingo dira partidako atsedenaldian:

  1. Asteburu pasa Manresan bi lagunentzako.
  2. Getariako Txoko jatetxean afaria eta otarre on bat.

Guztiok bertan ikusiko zaituztegulakoan, eskerrik asko!