Iritsi da momentu erabakigarria

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko api. 15a, 20:08

Junior mailako lauko finalak izango dira asteburuan Azpeitian eta Azkoitian. Infantil mailako nesken Gipuzkoako txapelketako finalerdiak ere Azpeitian jokatuko dira.

Junior mailako Euskal Ligako azken fasea jokatuko da datorren asteburuan Azpeitian eta Azkoitian. Liga erregularra amaituta, junior mailako Iraurgi Saski Baloiko taldeak bigarren fasera pasatu dira eta, aurreko postuetan gelditu direnez -neskak lehenen eta mutilak bigarren-, txapelketa antolatzeko txartela eskuratu dute. Hori dela eta, Euskadi mailan onenetarikoak diren gaztetxoak ikusi ahal izango dira gure kiroldegietan datorren egunotan. Gainera, Euskadiko txapeldun izateko borrokaz gain, Espainiako txapelketetara sailkatzeko aukera izango dute parte-hartzaile guztiek, eta horrek areagotu egiten du neurketen garrantzia.

Hilaren 18an, larunbatean, nesken finalerdiak jokatuko dira Azpeitian. 11:00etan Aranur ISBk jokatuko du Tabirako Baqueren aurka eta 13:00etan Loiola Indautxu izango da Easo SBTren aurkaria. Gure neskek emango diote hasiera txapelketari eta, irabazteko faboritoak izan arren, partida gogorra izango dute aurretik. Bi partida horietako irabazleak Euskadiko Txapelketa lortzeko aurrez aurre izango dira igandean, 12:00etan, Azpeitiko kiroldegian.

Mutilei dagokienez, larunbatean Azkoitiko kiroldegia izango dute jokaleku. Han ere gure mutilek emango diote hasiera lehiaketari; 10:00etan jokatuko du Glual Hydraulics ISBk Easo A-ren aurka. Ondoren, Fundacion 5+11 talde gasteiztarrak eta Easo 98A-k jokatuko dute bigarren finalerdia. Mutilen kasuan ere igandean jokatuko dute finala, baina neskek egingo duten moduan, horiek ere Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute, 10:00etan.

Infantil mailako Gipuzkoako Txapelketaren finalerdiak

Juniorren txapelketaz gain, Gipuzkoako Infantil Mailako nesken txapelketa hasiko dira jokatzen Azpeitian. Gure ordezkaria den Eliku Dietetika ISBk, faborito nagusiak, 16:00etan jokatuko du Bera Beraren aurka, igandean.

Beraz, asteburu bizia izango dugu Azpeitian eta Azkoitian. Gure talde guztiek denon animoak beharko dituzte titulua eskuratzeko.

Han ikusiko gara!