Sammic ISBri zaildu egin zaio biziraupena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 30a, 13:29

Ezin izan dio Lucentum Alicanteri irabazi eta bere zuzeneko jarraitzaileak, Opentach Basquet Plak, irabazita jaitsiera postuetan sartu da.

Sammic ISBk ezin izan du Alacantera egindako bidaian irabazi. Iker Buenoren eta Xabi Chicoren taldeak maila oneko partida jokatu du baina, beste behin, garaipenak eskuetatik ihes egin dio partidaren azken lau minutuetan. Neurketa osoan berdinduta joan ostean, 77 eta 64 galtzen amaitu du Azpeitiko taldeak. Bere atzeko postuan zegoen Opentach Basquet Plak, aldiz, irabazi egin du eta garaipenetan berdindu du Sammic ISB. Iraurgiko taldeak basket average-a galduta dauka Mallorkako taldearekin eta jaitsiera postuetatik irteteko beharrezkoa du garaipen bat gehiago lortzea. Hala ere, oraindik sailkapenean aurretik agertzen da gure taldea, baina hori partida bat gehiago jokatu duelako da.

Barruko jokoa erreferente bezala hartuta hasi zuen Sammic ISBk partida Alacanten. Garretten eta Mayerren eskutik 0 eta 4ko partziala egin zuen kanpoko taldeak. Hor amaitu ziren, ordea, Iraurgiko taldearen abantailak. Hortik aurrera partzial txikiak eginez aritu ziren bi taldeak, baina beti etxeko taldea aurretik zela. Sammic ISBren kanpoko jokalariak ez ziren fin ibili urruneko jaurtiketetan eta barneko jokoan erori zen saskiratzearen ardura guztia. Hala ere, azken horiek indartsu ibili ziren saskipean eta laurden amaierara puntu batez galtzen iritsi zen Sammic ISB: 17 eta 16.

Bigarren laurdena izan zen Sammic ISBren onena. 10 minutu horietan kanpoko jokalariak ere ekarpena gehitzen hasi ziren, eta berriro partidari buelta emateko gai izan zen ISBko taldea. Partzial txikietako laurdena ikusi ahal izan zen Alacanten eta begi bistakoa izan zen berdintasuna kantxa gainean. Hala ere, lehenengo laurdenean etxeko taldea izan bazen denbora gehienean aurretik izan zena, bigarrengoan Sammic ISB izan zen markagailuan agintzen. Laurdena amaitzeko zazpi segundo falta zirela, ordea, Hernandezek hirukoa saskiratu eta berriro aurretik jarri zuen bere taldea atsedenaldi aurretik: 40 eta 39.

Atsedenalditik bueltan nekea somatzen hasi zen Iraurgiko taldea. Aurretikoan esaten genuen bezala, lesioak eta bajak medio, jokalari gutxirekin gelditu da Sammic ISB eta hori asko nabaritzen da maila honetako partidetan. Hala ere, hirugarren laurdeneko lehen jokaldian bi gehi batekoa egin zuen Vaitiekünasek eta aurretik jarri zuen Iraurgiko taldea berriro. Baina hor, etxeko taldearen arrabola martxan jarri zen eta 16 eta 2ko partziala egin zuen Lucentumek (56 eta 44, 3:40ren faltan). Gure mutilek indarrak atera zituzten eta 0 eta 5eko partzialarekin berriro partidan sartu ziren. Azken minutuetan hutsegite asko egin zituzten bi taldeek eta laurden amaierara 57 eta 49 iritsi ziren.

Hamar minutu aurretik eta Sammic ISBk azken esfortzutxoa egin behar, partida irabazi nahi bazuen. Horretara irten ziren gure mutilak eta Astigarragak jarraian sartutako bost puntuek bostera gerturatu zuten Sammic ISB. Segituan, baina, etxeko taldeak 4 eta 0koa eginda erantzun zuen. Horrela aritu ziren; Sammic ISB gerturatzen zenean, etxeko taldeak partzial txikia egin eta berriro ihes egiten zuen. Halakoren batean, bi puntura jarri zen Sammic ISB: 63 eta 61, lau minuturen faltan. Baina azken urratsa gelditzen zitzaionean, ISBri indarrak agortu zitzaizkion eta etxeko taldeak 14 eta 3ko partziala sartu zion. Ezin izan zuen gehiago ezer egin Azpeitiko taldeak, eta beste behin ikusi zuen garaipenak nola ihes egiten zion azken minutuetan. Azkenean, 77 eta 64, beste porrot bat Sammic ISBrentzat.

MVP: Paulius Vaitiekünas. 19 puntu sartuta, 11 errebote jasota, tapoi bat jarrita eta 7 falta jasota. Guztira 29 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-16/ 23-23/17-10/20-15.

LUCENTUM ALICANTE: Fuentes (10), Marin (8), Navajas (6), Dominguez (5), Pardina (8), -hasierako bostekoan-; Vidal (3), Guillen (11), Gonzalez (1), Hernandez (8), Bitjaa (17).

SAMMIC ISB: Peltier (11), Oroz (2), Garrett (8), Arruti (7), Mayer (12) -hasierako bostekoan-; Iradier, Astigarraga (5), Camarasa, Vaitiekünas (19).