Iker Bueno: "Arazoak alde batera utzi eta burua altxatu behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 13a, 17:11

Bihar, martxoak 14, Amics Castello taldearen kantxan jokatuko du Sammic ISBk. 19:30ean hasiko da neurketa.

Iraurgi Saski Baloi taldeko Sammic ISBk partida garrantzitsua jokatuko du bihar, larunbata, Castellon. Sailkapenean bigarren postuan aurkitzen den Amics Castello taldearen aurka jokatuko du Iker Buenoren taldeak, 19:30etik aurrera. Astero esan ohi dugun moduan, partida garrantzitsua izango da larunbatekoa Iraurgiko taldearentzat, murgilduta dauden bolada txarrari ahalik eta azkarren amaiera eman nahi baitiote. Hala ere, ezin esan biharkoa izango denik boladari amaiera emateko partidarik errazena, Castelloko taldeak bi porrot jarraian jaso ondoren garaipena behar-beharrezkoa baitu lehen postua lortzeko borrokan jarraitzeko.

Antonio Ten Lopezek zuzentzen duen taldeak 16 garaipen eta 6 porroteko balantzea dauka denboraldi honetan. Valentziar herrialdeko taldea liga osoko saskiratzaile onena da, bataz beste 84,9 puntu sartzen ditu neurketako. Horren aurrean oso ahul gelditzen dira gure taldeak sartzen dituen 68,2 puntuak. Talde lana da Castelloko taldeanen zimendu nagusia, horren erakusle dira partidako ematen dituzten 18 asistentziak.

Horrelako talde batean zaila izaten da jokalari gutxi batzuk nabarmentzea baina, bi esatekotan, ezin Manuel Rodriguez eta Nicholas Washburn aipatu gabe gelditu. Rodriguez hegaleko jokalaria da eta 16 puntu sartzen ditu partidako, bataz beste. Jokoaren aspektu guztietan ekarpena egiten duen jokalari horietakoa da Granadako gaztea. Washburn, berriz, pibota da. Ez edonolako pibota, gainera: partidako 25 puntu sartzen eta 10 errebote hartzen ditu, bataz beste. Taldeko erreferentzia nagusia da amerikarra eta oso garrantzitsua izango da bihar bera gelditzen asmatzea.

Norgehiagoka konplikatua du, beraz, Sammic ISBk larunbatean. Baina bidaia zaila izanik ere, ligako ekipo guztien kontra lehiatzeko gai dela erakutsi du Buenoren taldeak eta ziur gaude biharkoan ere horrela egingo duela. Gogotik lan egingo dute eta ea garaipenarekin itzultzen diren.

Bueno: "Sei partida gelditzen zaizkigu eta bakoitza final bat da guretzako"

23 jardunaldi pasatu dira dagoeneko eta zazpi gelditzen dira. Zuek sei partida jokatuko dituzue eta jaitsierako postuak partida batera daude. Sei final gelditzen zaizkizuela esan daiteke.

Dudarik gabe, sei partida gelditzen zaizkigu eta bakoitza final bat da guretzako. Bakoitza hil edo biziko partida bat bezala hartu behar dugu eta aurkari zail asko ditugu aurretik. Denetan lehiakorrak izan eta irabazteko lehian egon behar dugu, partida bakoitzak berebiziko garrantzia hartzen du.

Denboraldiko zati honetan taldeak gainbeheran hasi ohi dira nekea dela eta. Nola ikusten duzu taldea aspektu horretan, denboraldi hasierarekin alderatuta?

Taldeak lesio eta gorabehera asko izan ditu eta ez dugu nahi adinako erritmoarekin entrenatzeko aukerarik izan. Buruak hartzen du garrantzia gehien momentu hauetan eta buruz ongi bagaude hankek erantzungo digute. Garrantzitsua izango da gelditzen zaizkigun jardunaldietan animoz eta buruz partidetan sartuta egotea, eta norberak duen guztia ematea.

Eta nola ikusten duzu taldea bestela? Goian dagoenari begira ala behean dagoenari begira?

Taldea hurrengo partidari begira dago; animoak berreskuratu behar ditugu. Goikoak zein behekoak partida batera ditugu eta irabazteak du garrantzia. Partida bakoitzak berebiziko garrantzia du eta ezin dugu amore eman. Lehiatu egin behar dugu eta garaipenerako esfortzu maximoa egin beharra daukagu. Arazoak alde batera utzi eta burua altxatu behar dugu.

Asteburu honetako irteera konplikatua da. Bigarrenaren etxera zoazte eta lehenengo postua berreskuratu nahi badu irabazi beharra dauka. Nolako partida espero duzu?

Partida zaila eta gogorra. Oso talde fisikoa dute eta erritmo handian jokatzen dute. Aurreko astean galtzetik datoz, baina horrenbeste kalitate duen talde batek ez du zertan nabaritu aurreko asteetako porrotak. Talde on baten aurrean gaude eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu garaipenerako lehian egoteko.

Ze jokalari nabarmenduko zenituzke? Eta zein izango da partida irabazteko gakoa?

Jokalari handiz osatutako taldea da, Washburn, Manu, Chema edo eta Faner bezalako jokalariek erritmo bizian jolasten dute. Beraien erritmoa gelditu eta eroso jolasten ez uztea izan daiteke gakoa. Defentsa mugara eraman beharko dugu eta bereziki hiruko marratik duten ehunekoa zaindu beharko dugu. Horrelako talde baten aurrean argi dago errebotea dela zaindu beharra daukagun aspektua.