Ezin saskiratu eta ezin irabazi

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 9a, 10:13
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Sammic ISBk 48 puntu bakarrik sartu zituzten atzo, igandea, CEBA Guadalajararen aurka jokatutako partidan, eta nahiz eta nahiko lan ona egin defentsan ezin izan zuen partida irabazi.

Sammic ISBk ezin du burua altxatu, eta dagoeneko hamabost dira galdutako partidak. Ligako lehen sei neurketak irabazi ondoren, urrun gelditu dira berri onak aspaldian. Aste honetan ere ezin izan du CEBA Guadalajararen aurka garaipena eskuratu Iker Buenoren taldeak, nahiz eta ez egin guztiz partida txarra. Iraurgiko taldeak defentsa ona egin zuen, baina 48 puntu bakarrik saskiratu zituen eta horrela oso zaila da Zilarrezko Adecco mailan partida bat irabaztea. Azkenean, 48 eta 63 gadu zuen norgehiagoka eta jaitsiera postuak bi partidetara gerturatu zaizkio. 

Partida ondo hasi zuen Sammic ISBk. Erasoan baloia ondo mugitu zuen, saskipean Brandon Garret aurkituz, eta defentsan ere indartsu hasi ziren. Partida osoan bezala, laurden horretan defentsak erasoei gailendu zitzaizkien eta lehen bost minutuetan bi taldeek seina puntu eskuratu zituzten. Hurrengo bost minutuetan, berriz, azken segundoko hiruko batekin, abantaila txikia lortu zuen CEBA Guadalajarak eta 8 eta 14ko emaitzarekin amaitu zen lehen laurdena. 

Bigarren laurdena partzial txikien elkartrukea izan zen. Guadalajarakoek 4 eta 0ko partziala egin zuten lehen minutuan, 10 puntutaraino ihes eginez. Hutsarte batean ostean, baina, segituan erantzun zuen Sammic ISBk, beste lau puntu jarraian sartuaz. Horrela aritu ziren hurrengo minutuetan, baina beti ere, Guadalajarako taldeak tartetxoa izan zuen bere alde. Laurden amaieran zazpi puntutakoa izan zen desberdintasuna, 22 eta 29. Aipagarriena da ISBren puntu guztiak bere barneko jokalarietatik iritsi zirela, atsedenaldian 12 puntu zeramatzan Garrettek, bi Ugarabek eta zortzi Mayerrek.

Atsedenaldiko itzuliak ez zuen ezer aldatu partidan. Iraurgiko taldeak saskiratzeko arazo handiekin jarraitu zuen eta defentsan nahiz eta minutu batzutan heldu, aurkariek saskiratu egin zuten. Laurden horretan epaileek asko zigortu zuten etxeko taldea faltekin (3. minuturako bonusean zen etxeko taldea) eta, gainera, Camarasa joko antolatzaileak min hartu zuen orkatilean. Gauzak horrela, 16 punturaino egin zuen ihes Guadalajarak, baina etxekoek erreakzionatu eta Peltierren azken bost punturi esker, 12 puntura laburtu zuten tartea laurdena amaitu aurretik. 

Azken laurdena defentsako intentsitate handiarekin hasi zuen Sammic ISBk, baina hasierako hiruko batek 15 puntutaraino zabaldu zuen tartea. Iraurgiko taldeari saskiratzea kostatu zitzaionarekin, tarte handiegia zen etxeko taldearentzat. Partida amaitzeko hiru minutu eta erdi falta zirela, zortzi punturaino gerturatu zen etxeko taldea, eta halako esperantza puntu bat iritsi zen kiroldegira, baina segituan Javier Juarezek hutsartea eskatu zuen eta partida gelditu egin zen. Itzuleran hirukoa sartu zuen bere taldeak eta 11 punturaino alde egin zuen berriro markagailuan. Azkenean, beste behin, nahi eta ezina ikusi zen Azpeitiko kantxan eta beste behin galdu egin zuen Sammic ISBk: 48 eta 63.

Iker Bueno entrenatzaileak ondorengo adierazpenak egin zituen partida bukatu ostean: "Defentsan ez gara horrelako gaizki egon, baina egindako akatsetan gogor zigortu gaituzte. Erasoan, berriz, oso ideia gutxirekin jokatu dugu. Ez ditugu abantailak ondo irakurri eta guk ez ditugu beraiek zigortu, beraiek gu defentsa on eta txarretan kastigatu gaituzten bezala. Harrapatutako baloietan ere ez gara gai izan askotan kontraerasoa amaitzeko, urratsak edota saskipean hutsak egin baititugu. Barruko jokoan abantailak genituenean ondo sartu dugu baloia, baina beraiek itxi direnean ez gara izan gai berriro baloi hori kanpora ateratzeko. Taldea ezkor dago eta ez du ikusten erraztasunik jokatzeko. Huts egiten hasten garenean, espiral batean sartzen gara eta inork ez du sinesten saskiratuko dugunik. Berriei ere oraindik adaptazioa falta zaie. Beraz, ez dut uste partidua guztiz txarra izan denik, baina ona izateko asko falta izan zaio".

MVP: Brandon Garrett. 21 puntu saskiratuta 3 errebote hartuta, 2 baloi lapurtuta eta 5 falta jasota. Guztira, 21 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 8-14/ 14-15/13-18/13-16.

SAMMIC ISB: Arruti (5), Caramasa, Mayer (10), Guridi, Garrett (21). – hasierako bostekoan –Zubizarreta, Ugarabe (2), Iradier, Vaitiekünas (2), Peltier (8).

CEBA GUADALAJARA: Agbalese (6), Sole (3), Duran (22), Frutos (9), James. – hasierako bostekoan – Lazaro (16), Villena, Ávila, Aurrecoechea, Nicolic (7) Adres.