Sentsazio aldaketa, baina emaitza berdina

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko mar. 2a, 12:25

Lehen sailkatuen artean dagoen Caceres taldearen aurka 70 eta 59 galdu du Sammic ISBk. Irabaztea ez lortu arren, partida ona egin zuen Iker Buenoren taldeak eta aurreko partidetan baino sentsazio hobeak eskuratu ditu.

Ezin izan zuen garaipena eskuratu Sammic ISBk Caceresen jokatutako partidan. Iker Buenoren eta Xabi Chicoren taldeak bazekien partida zaila izango zela larunbatekoa eta gogor borrokatu beharko zutela lehiatu nahi bazuten. Nahiko partida txukuna egin zuen Iraurgiko taldeak bigarren sailkatuaren aurka, baina bigarren laurdenean egindako partzialak partida osoa atzetik joatera behartu zituen Iraurgikoak. Azkenean, 70 eta 59 galdu zuen Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka. Partidan Buenoren taldeak ezin izan zion murgilduta zegoen bolada txarrari amaiera eman, baina aldaketa garrantzitsua nabaritu ahal izan zen.

Ondo irten zuen Sammic ISBk kantxara. Etxeko taldeak kanpoko jaurtiketetan oinarritu zuen bere jokoa lehen laurdenean eta Iraurgikoek, berriz, barneko jokoa erabili zuten saskiratzeak lortzeko. Indartsu ibili ziren lehen laurden horretan gure hiru pibotak. Gauzak horrela, partzial txikiak eginez ibili ziren bi taldeak. Biak izan ziren markagailuan aurretik hainbat minututan, baina bietako inork ez zuen izan partidako erritmoaren kontrola. Etxeko taldearen azken bi jaurtiketa libreek lehen laurdena aurretik amaitzeko aukera eman zien eta 17 eta 16 galdu zuten Iraurgikoek.

Bigarren laurdena izan zen ISBren txarrena. Erasoan ataskatu egin ziren eta etxekoek tartea zabaltzeko aprobetxatu zuten. Gure mutilek ez zuten egun ona izan kanpoko jaurtiketetan eta horregatik, partidako pisua barneko jokalarien gainean egon zen erasoan. 11 eta 0ko partziala egin zuen etxeko taldeak laurden hasieran eta hortik aurrera atzetik izan zen Sammic ISB. 0 eta 4ko partzialtxoa eginda, ordea, partidutik kanpo geratzerik ez zutela nahi erakutsi zuten eta horretan aritu ziren laurden amaierara arte, partidu barruan mantentzeko ahaleginak egiten. Hala ere, atsedenaldira 14 puntutako desabantailarekin iritsi zen Buenoren taldea.

Aldageletatik itzuleran partidako saskiratze erritmo jaitsi egin zen bi taldeen aldetik, puntu gutxiko laurdena izan baitzen. Laurdena amaitzeko 7 minutu falta zirela partidako tarterik handiena zabaldu zuen etxeko taldeak: 46 eta 27. Baina ISBk ez zituen besoak jaitsi eta borrokan jarraitu zuen. Azken zazpi minutuetan Caceresek ezin izan zuen Iraurgikoen zonakako defentsa apurtu eta ez zuen punturik sartu. Kanpoko taldeak, berriz, aprobetxatu egin zuen trabatze hori eta tartea 10 puntutaraino jaitsi zuen. Horrela, nahiz eta jakin oso zaila zela horrelako talde handi baten aurkako partidari buelta ematea, Buenoren taldeak aukerekin hasi zuen azken laurdena.

Laurdeneko lehen minutuetan kanpoko taldearen zonakako defentsak fruituak ematen jarraitu zuen. Iraurgiko taldeak partidako hiruko bakarra saskiratu zuen eta 5 puntutaraino gerturatu zen partidua amaitzeko 8 minutu baino gutxiago falta zirela. Segituan, ordea, beste hiruko batekin erantzun zuen etxeko taldeak eta berriro ihes egin zuten. Bi minutu baino gutxiagoren buruan, 10 eta 0ko partziala eginda, ez ziola partidari ihes egiten utziko erakutsi zuen etxeko taldeak. Azkenean, saiatu arren, Iraurgiko taldeak ezin izan zuen gehiago gerturatu eta 70 eta 59koa izan zen azken emaitza.

Iker Buenok hurrengo azalpenak eman zituen partida amaitutakoan: "Nahiko ondo irten dugu kantxara. Barneko jokoa kargatu dugu, eta laurdena berdindua egon dela uste dut. Desberdintasuna bigarren laurdenean iritsi da non beraiek hiru hiruko sartu dituzten eta guk ez dugun kanpotik batere sartu. Atsedenaldira 14 puntutako desabantailarekin iritsi gara. Atsedenaldi ondoren partiduko nibela berdindu egin dugu eta azken 20 minutuak lehiatu ditugu Caceresen aurka. Hala ere, atzetik izan gara denbora guztian. Alde batetik minduta itzuliko gara galdu egin dugulako, baina bestetik gustura gaude lehiatu egin dugulako igoera jokatzen ari den talde baten aurka".

MVP: Brandon Garrett. 14 puntu sartuta, 8 errebote jasota, 2 mate eginda eta 7 falta jasota. Guztira, 21 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-16/ 21-8/8-12/24-23.

CÁCERES PATRIMONIO DE LA HUMANIDAD: Marco (11), Sebirumbi (2), Cruz (15), Toledo (2), Fernandez (12) – hasierako bostekoan – Corrales (3), Jakstas (6), Nguema (7), Parejo (8), Kasse (4).

SAMMIC ISB: Arruti (8), Garrett (14), Caramasa (7), Mayer (10), Guridi (4) – hasierako bostekoan – Zubizarreta,  Vaitiekünas (10), Iradier, Oroz (4) Ugarabe (2).