Istorio berdina, amaiera berdinarekin

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko ots. 23a, 08:49
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Hirugarren laurdena 2 eta 19 galdu zuen Iker Buenoren taldeak, eta ezin izan dio azken laurdenean partidari buelta eman. Azkenean 51 eta 60 galdu du Sammic ISBk. 

Istorio berdina bizi izan genuen atzo, igandea, beste behin, Azpeitiko kiroldegian. Sammic ISBk partidako hiru laurden jokatu zituen CB Tarragonaren aurka, baina 10 minututan izandako ahulaldiak partida galtzera eraman zituen. Iker Buenorenek 2 puntu bakarrik sartu zituzten hirugarren laurdenean eta partida osoko gainontzeko lana pikutara bidali zuten. Azken laurdenean, saiatu arren, ezin izan zioten partidari buelta eman eta 51 eta 60 galdu zuten. Porrot horrekin, jaitsiera postutatik bi partidetara jarri da Sammic ISB bederatzi jardunaldiren faltan.

CB Tarragonak hobeto hasi zuen partida. Barneko jokoaren nagusitasunaz baliatuz 0 eta 5eko partziala egin zuen kanpoko taldeak. Hala ere, segituan erantzun zuen hirukoarekin Arrutik. Partidan zentratuta aritu zen lehen laurdenean Sammic ISB. Hiruko marratik ondo asmatu zuten eta korrika egiteko aukerak ere lortu zituzten. Tarragonakoak ere ondo aritu ziren eta lehen laurden borrokatua ikusteko aukera izan genuen Azpeitian. Gauzak horrela, lehen laurdena 21 eta 18 irabazi zuten Iraurgikoek.

Bigarren laurdenean lan ona eginez jarraitu zuten Iraurgikoek. Baloia ondo mugituz eta defentsa ona eginez bost puntutara ihes egin zuen Sammic ISBk lehen minutuetan. Minutu horietan Tarragonakoei asko kostatu zitzaien saskiratzea, behartutako jaurtiketak egin baitituzte, batez ere. Bernardo Alvarezek partida gelditu behar izan zuen Sammicen erritmoa gelditzeko eta bere fruituak eman zizkion. Hutsartearen ondoren kanpoko taldearentzat izan zen bolada eta hiruko bati esker partida berdindu zuen Tarragonak. Buenok eskatu behar izan zuen ondoren hutsartea, eta hortik aurrera, bolada txikiekin aritu ziren bi taldeak. Laurden amaieran 32 eta 30 adierazten zuen markagailuak.

Aldageletatik bueltan iritsi zen Sammic ISBren gainbehera. Tarragonakoek hiruko batekin hasi zuten laurdena eta aurretik jarri ziren markagailuan. Iraurgikoek, berriz, ez zituzten aukera onak hautatu erasoan eta ezin izan zuten saskiratu. Defentsan ez zuten gaizki hasi laurdena ISBkoek, baina denborak aurrera egin ahala, Tarragonakoak beraien jokoa egiten hasi ziren. Iraurgikoek zailtasunak izan zituzten erasoan kanpokoen presioa apurtzeko eta lortu zutenean ezin izan zuten saskiratu. Aurkariek, aldiz, hiru erasotan hiru puntutako jokaldia eginda ihes egin zuten. Alferrik izan ziren hutsarteak eta defentsa aldaketak, Sammic ISBk ezin izan baitzuen saskiratu inola ere laurden horretan, eta amaieran 34 eta 49koa zen emaitza.

Azken laurdenean gogotsu eta partiduari buelta emateko nahiekin irten zuten Iraurgikoek kantxara. Lehen minutuetan egindako 5 eta 0ko partzialak esperantza apur bat ekarri zuten Azpeitira, baina islada bat besterik ez zen izan. Tarragonakoek tarteak mantentzen asmatu zuten eta Iraurgikoek ez zituzten izandako jaurtiketa libreak aprobetxatu. Horrela, etxeko jokalarien azken borrokak eta saiakerak ezerezean gelditu ziren. 51 eta 60 galdu zuen ISBk.

Iker Buenok honako adierazpenak egin zituen partidaren ostean: "Neurketa nahiko ondo joan da atsedenaldira arte. Defentsan ondo estutu dugu, egia da, akatsen bat egin dugula eta hiruko jaurtiketa errazak utzi dizkiegula, baina osotasunean ondo aritu gara. Erasoan ere eroso sentitu gara. Aldageletatik bueltan ez dugu  puntu bat ere sartu; ez saski azpitik, ez hiruko marratik eta ezta jaurtiketa libreetatik. Besteek, aldiz, erraz saskiratu dute gure defentsako akatsei esker, eta guri kostatu egin zaigu ulertzea sartu ez arren defenditzen jarraitu behar dela. Hala ere, ez dut uste jarrera falta izan denik jokalarien aldetik, eta saskiratze arazoa izan delakoan nago. Lehiatu egin dugu, baina lortutako ehunekoekin oso zaila da irabaztea. Uste dut jendeak ez duela merezi horrenbeste animatu eta jarraitu hemen, eta guk hainbeste partida galtzea, baina hau pasatu beharra daukagu eta ez badugu guztiok batera egiten oraindik eta gehiago kostatuko zaigu".

MVP: Antonio Hester. 18 puntu sartuta, 14 errebote eskuratuta, bi asistentzia banatuta, 3 baloi berreskuratuta, 2 tapoi jarrita eta 4 falta jasota. Guztira, 26 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 21-18 /11-12 /2-19 /17-11.

SAMMIC ISB: Arruti (13), Caramasa, Mayer (5), Oroz (5), Ugarabe (9), – hasierako bostekoan –Mendoza, Astigarraga, Goenaga, Guridi (3), Garrett (6), Ucles (2), Zubizarreta (8).

CLUB BASQUET TARRAGONA: Fernandez (6), Congiusta (11), Alaminos (9), Hester (18) – hasierako bostekoan- Barbera, Orukpe, Martinez (4), Santiago (4), Boada, Ngomo (5), Gimenez (3).