Iker Bueno: "Galduta ibili gara lehenengo 20 minutuetan"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko ots. 2a, 12:56

Sammic ISB ez da gai izan bolada txarrari amaiera emateko eta 74 eta 87 galdu du Opentach Basquet Pla taldearen aurka. Dagoeneko 11 dira azken 12 partidetan jasotako porrotak.

Sammic ISBk ezin du irten putzutik. Jokatutako azken 12 partidetatik 11 galdu ditu. Azkena Opentach Basquet Pla taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian. Atzokoan ere ez zen gai izan partidako 40 minutuetan borrokatzeko eta lehen bi laurden txar jokatu ondoren ezin izan zion buelta eman partidari. Azkenean 74 eta 87 galdu zuen Iker Buenok zuzendutako taldeak eta, horrela, urrunago dauzka play off-ak jokatzeko aukera ematen dute sailkapeneko postuak.

Lehen minutuetan ondo aritu zen Sammic ISB. Baloia oso ondo mugituz, barruan jaun eta jabe zen. Garretti heltzen zitzaion baloia eta hark inolako zailtasunik gabe saskiratzea lortzen zuen. Defentsan ere nahiko ondo aritu ziren, baina ez ziren gai izan tartea zabaltzeko. Laurden erdi aldera iritsi zen kaosa Iraurgiko taldera. Mallorkakoek eroso jarraitu zuten lanean eta saskiratzeak lortzen, eta bien bitartean Iraurgikoek azkarregi jokatu nahi izan zuten. Prezipitazio horrek erabaki txarrak hartuarazi zizkieten, eta markagailuan ihes egin zuten kanpoko taldekoek: 13 eta 22. Emaitza hori ikustean taldeak apur bat erreakzionatu zuen eta azken minutuetan 10 eta 4ko partziala eginda sartu zen berriz partidan Sammic ISB.

Bigarren laurdena jaurtiketa librearekin eta baloiaren jabetzarekin hasi zuten Sammic ISBkoek, epaileek falta teknikoa adierazi baitzioten Cesar Sanchez entrenatzaileari. Mendozak aukera aprobetxatu zuen eta 24 eta 26 jarri zen markagailua, baina orduan etorri zen Sammic ISBren gainbehera. Mallorkako taldeak defentsa aldaketak egin zituen eta ISBkoak ez ziren eroso sentitu kantxan. Horrela 0 eta 9ko partziala egin zuen Basquet Pla taldeak eta apurka aldentzen joan ziren. Buenok ere defentsa aldaketa planteatu zuen eta zonakako defentsan jarri ziren Iraurgikoak. Hasiera batean, emaitza onak eman zituen defentsa aldaketak eta kanpokoei gehiago kostatu zitzaien saskiratzea. Baina, orduan, errebotean hasi ziren arazoak eta Mallorkakoek bigarren aukerak aprobetxatu zituzten saskiratzeak lortzeko. Beste 2 eta 8ko partziala egin zuten Baleareetakoek eta laurden amaieran emaitza 33 eta 49koa zen.

Partidan nahiko arazo ez, eta argiekin arazoak iritsi ziren Azpeitiko kiroldegira. Atsedenaldian argiek ere atseden hartzea erabaki zuten eta berriro martxan jarri arte zain egon behar izan zuten bai ikusleek eta bai jokalariek. Minutu batzuen ondoren hasi zen partida eta Sammic ISBk irabazteko gogoa zeukala erakutsi zuen. 5 eta 0ko partzialarekin apur bat gerturatu ziren Buenorenak, baina Mallorkakoek hiru hiruko sartu zituzten jarraian eta aldea 20 puntutaraino zabaldu zuten berriz ere. Aldea ikusita, gogor hasi ziren lanean Iraurgikoak. Kantxa osoan estutzen hasi ziren mutilak eta, horrela, beraien gogoko saskibaloia egiteko aukera izan zuten. Aurkariek, baina, jaurtiketa libre asko izan zituzten eta horiek aprobetxatu zituzten tartea mantentzeko. Laurden amaieran 57 eta 72 ari zen galtzen Sammic ISB.

Iraurgiko mutilek presioarekin jarraitu zuten laurden horretan. Azken 10 minutuetan dena emateko asmotan irten zuten, baina tartea handiegia zen partiduari buelta emateko. Bi minutu faltan, bost punturaino gerturatu ziren Arrutiren hiruko baten ondoren, baina kanpoko taldeak ondo jakin izan zuen tartearekin jokatzen eta, jaurtiketa libreak aprobetxatuz, 74 eta 83 irabazi zuen. Emaitza horrekin, porrotaz gain, Opentach Basquet Pla taldearekin zuen puntu desberdintasuna ere galdu egin du Sammic ISBk.

Iker Bueno entrenatzaileak honela azaldu du partidan gertatutakoa: "20 minutu bakarrik lehiatu ditugu, azkeneko bi laurdenak bakarrik. Lehenengo bi laurdenetan ez dut ezagutu taldea, ez gara gu izan. Ez dugu aurkitu taldeak jokatzeko behar duen base hori, ez baitugu aktibitate onarekin irten kantxara eta beraiek oso erraz jokatu dute. Gu, aldiz, galduta ibili gara lehenengo 20 minutuetan kantxan. Zonakako defentsak apur bat nahasi ditu baina segituan jarraitu dute beraien jokoa egin eta saskiratze errazak lortzen. Atsedenaldi ostean lehiatu dugu baina ez da nahikoa izan. Kategori honetan eta talde beterano hauen aurka oso zaila da partiduari buelta ematea lehen bi laurdenak alperrik botaz gero".

MVP: Ridge McKeither 25 puntu, 8 errebote, 2 asistentzia, 6 falta jaso eta guztira 26 puntutako balorazioa. Carlos San Emeterio 18 puntu, bi asistentzia, lau baloi berreskuratu, 9 falta jaso eta 26 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 23-26/10-23/24-23/17-15.

SAMMIC ISB: Arruti (16), Ucles (8), Oroz (11), Caramasa (5), Garrett (12)– hasierako bostekoan –Zubizarreta, Mendoza (4), Iradier (4), Urtxulutegi, Mayer (10), Guridi, Ugarabe (4).

OPENTACH BASQUET PLA: Mckeither (25), Riera (11), Johnson (15), Ausina (11) San Emeterio (18) - hasierako bostekoan – Dominguez, Garcia, Rodriguez (5), Torres (2).