Sammic ISBk zortzigarren garaipena bilatuko du igandean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urt. 30a, 19:46

Opentach Basquet Pla taldearen aurka jokatuko du, Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita.

Sammic ISBk denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu nahi du igandean jokatuko duen partidan. Denboraldiko 19. jardunaldia jokatuko du Opentach Basquet Pla taldearen aurka, Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan. Iker Buenok eta Xabi Chicok zuzentzen duten taldeak azken aldiko bolada txarrari amaiera eman nahi dio, eta horretarako zale guztien beroa beharko du kiroldegiko harmailetatik.

Opentach Basquet Pla taldea sailkapeneko azken aurreko postuan aurkitzen da, Iraurgik baino lau garaipen gutxiagorekin. Hala ere, jokatutako azken hiru partidetatik bi irabazi ditu Mallorkako taldeak eta behetik gora datozela esan daiteke. Talde beteranoa da Antonio Martorellek zuzentzen duena, bataz besteko adina 29,8 urtekoa dute. Esperientzia handiko gizona daukate antolatzaile lanetan: Joan Riera. 32 minutu jokatzen ditu partidako bataz beste, eta denbora horretan neurketaren kontrola eraman ohi du. 13,8 puntu eskuratzen ditu partidako, 3,2 asistentzia banatzen ditu eta 4,3 falta jasotzen ditu, 13,8ko balorazioa eskuratuz bataz beste. Horrez gain, barneko jokoan ere jokalari garrantzitsuak dauzka Basquet Plak. Esate baterako, Alberto Ausina eta Ridge Lamond McKeither hegal pibotak erreferente nagusiak dira taldean.

Sammic ISBk ere badu berri ona. Ibon Guridi azpeitiarra itzuli da Txilera egindako ikasketa bidaiatik, eta taldean hasi berri da Buenoren esanetara. Apurka-apurka taldera egin eta laguntza handia izango dela ziur gaude. Beraz, guztiok kiroldegira joan beharko dugu taldea animatu eta Guridiri ongietorria emateko.

Hemen Buenok aurretikoan esandakoak:

Denboraldi erdia baino gehiago joan da. Zein helburu ditu taldeak? Aldatu al dira aurredenboralditik?

Hasierako helburu berdinak mantentzen ditu, partidaz partida joan behar dugu. Aste honetan Basquet Plaren aurkakoa; aurkari zuzena eta goraka doan taldea da. Horrez gain, mantentzea dugu helburua eta lehiakorrak izatea partida guztietan, 40 minutuetan. Helburuak ez ditugu aldatu.

Taldea apur bat irregular ikusi dugu joan den asteetan. Zer ari zaio pasatzen bigarren zatietan taldeari?

Bueno, ez da bigarren zatietan, esaterako Marinen aurka alderantziz suertatu zen. Taldeari konstantea izatea falta zaio eta 40 minutuetan gogor lanean jarraitzea. Gainera, antsietateak edota partida asko jarraian galtzeak jokalarien konfiantzan duten eragina kontuan izanez gero, ba irregulartasuna handitzen da. Hurrengo partida prestatu eta ziurtasunez eta konfiantzaz aurre egin behar diogu.

Ibon Guridi itzuli berri da, lehen taldean izango al da berriro? Nolako Guridi espero duzue?

Lehenengo taldearekin dabil entrenatzen eta jokatzen ere bai. Adaptazio beharra izango du. Bereziki konpetizio falta nabariko zaio, baina bai entrenamenduetan zein partidetan, kalitatea hobetzen lagunduko digu. Taldeari sendotasuna ere emango dio. Denbora beharko du bere mailarik onena berreskuratzeko, baina taldearentzat oso albiste ona da, dudarik gabe.

Eta igandean Opetanch Basquet Pla. Joanekoan irabazi egin zenuten, nolako partidua espero duzu?

Joanekoan bezalakoa espero dut, partida benetan estua eta gogorra. Partida fisikoa izango da, eta talde beteranoa denez aurrekoa, ezin hobeto daki horrelako partidak jokatzen. Gure aldetik, hasieratik bukaeraraino gure erritmoa eta izaera atera beharko dugu eta jarraitasuna eman defentsako lanari.

Zein jokalari nabarmenduko zenuke? Eta zein izango da partida irabazteko gakoa?

Riera gelditzea garrantzitsua izango da, joko antolatzaile paregabea baita eta erritmoaren kontrola berak eramaten baitu. Barrutik Ausina bezalako jokalari bat izateak tentuz egon beharra eskatzen du, eta errebotean ere sendo egon beharko gara. Lamont ere momentu onean dator eta, beraz, talde lana ezinbesteko baldintza da partida aurrera ateratzeko.