Zurt Taberna ISBk irabazten jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urt. 28a, 12:30

Erroibide Irun taldea 77 eta 43 hartu zuen mendean bigarren itzuliko lehen partiduan. Sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du bi partidu bakarrik galduta.

Iraurgiko nesken lehen taldea izugarrizko denboraldia egiten ari da aurtengoan ere. Lehen itzulian bi partidu bakarrik galdu ondoren, bigarren bueltako lehen partidua ere irabazi dute Zurt Taberna ISBko neskek. 77 eta 43 irabazi zioten Erroibide Irun talde gipuzkoarrari eta garaipen horrekin sailkapeneko bigarren postuari eusten diote 12 garaipen eta bi porrotekin.

Partidua ez zen ondo hasi Zurtekoentzat. Erabaki txarrak hartuaz, erasoan asko kostatu zitzaien irundarren saskia zulatzea. Laurden horretan, alde txikiak izan zituzten Irundarrak, baina azken minutuetako zazpi eta hutseko partzial bati esker, markagailua irauli eta sei puntutako aldearekin amaitu zuten laurdena Zurtekoek.

Bigarren laurdena, aurreneko laurden amaierako seriotasunarekin hasi zuten Zurtekoek. Errebotea itxiz eta korrika eginez, pixkanaka aldeak handitzen joan ziren. Hamazazpi puntutako abantaila izatera iritsi ziren Iraurgiko neskak laurden honetan. Amaieran, Erroibidekoek jaurtiketa libreko marratik asmatuta tarte hori apur bat txikitu zuten eta atsedenaldira hamahiru puntutako aldearekin iritsi ziren.

Atsedenaldi ostean berdintasuna agertu zen kantxan. Gure neskek tarteak zabaldu nahi zituzten errebotea hartu eta korrika eginez. Talde irundarrak, baina, ez zuen partidua galdutzat eman nahi eta Saioa Alzagaren eskutik partiduan mantentzen saiatu ziren. Hala ere, azken jokaldian Eneritz Larrañagak lortutako hiruko batekin, ordu arteko alderik handiena lortu zuen Zurt Taberna ISBk: 57–38.

Partidua amaitzeko, laurden bikaina jokatu zuen Zurt Tabernak. Partiduan zehar etxeko neskek ipini zuten erritmoaren ondorioz Irungo taldea oso justu iritsi zen fisikoki azken laurdenera, eta etxekoek hori aprobetxatu zuten korrika eginez tarteak zabaltzeko. Azkenean abantaila handitu zuten eta azken emaitzara iritsi ziren, 77 eta 43.

Datorren larunbatean, ligako kantxarik gogorrenetako batera bidaiatuko dute Zurt Taberna ISBko partaideek. Larunbatean Zizur Nagusira joango dira 19:30etik aurrera Megacalzado Ardoi taldearen aurka jokatzera. Ilusioa eta gogoa behintzat ez dute faltan izango.

Partzialak: 15-9, 23-16, 19-13, 20-5.

Zurt taberna ISB

Garazi Arregi (7), Maite Lizarazu (9), Eider Bereziartua (7), Intza Lizarazu (15), Itsaso Astigarraga (6), Ane Goenaga (2), Maitane Gurrutxaga (12), Aitziber Besga (4), Eneritz Larrañaga (10), Ainhoa Bereziartua (5).