Hasiera bikaina eman dio Sammic ISBk bigarren itzuliari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urt. 13a, 15:04
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Bigarren zati onari esker 66 eta 75 irabazi dio Marin Peixegalego taldeari eta horrekin amaiera eman dio bolada txarrari.

Iritsi da garaipena! Partidu ugari bolada txarrean sartuta egon ostean bigarren itzuliko lehen partiduan Sammic ISBk berriro garaipena lortu du. Marin Peixegalego talde galiziarraren kantxa zailean 66 eta 75 irabazi du lehen hiru laurdenetan atzetik ibili ondoren. Azken bi laurdenetan 33 eta 50eko partzialarekin partiduari buelta eman eta garaipena Azpeitira ekarri du Iker Bueno eta Xabi Chicoren taldeak. Partidu horrekin 7 garaipenekoa eta 8 porrotetakoa da gure taldearen balantzea.

Nahiko zentratuta hasi dute Sammic ISBko jokalariek partidua. Lehen hiru minutuetan partzial txikiak eginez aritu dira bi taldeak, baina beti ere gure taldea aurretik zela. Baina etxeko taldeak maila bat igo du bere defentsa eta hurrengo hiru minutuetan Iraurgi SBk ez du saskiratzerik lortu. Horrela, etxeko taldeak 10 eta 0ko partziala egin eta lehen abantailak lortu ditu (14 - 7). Azken minutuetan, berriro, gureek saskiratzea lortu eta tartea pixka bat laburtu dute. Lehen laurden amaieran 16 eta 10 atzetik izan dira Sammic ISBko mutilak.

Bigarren laurdenaren hasiera lehena amaitu den bezala hasi da, bi taldeak saskiratzeak lortuz baina partiduko erritmoa kontrolatu ezinean. Orozek ireki du markagailua laurden horretan, baina segituan hirukoarekin erantzun dio Rogersek. Horrela aritu dira hurrengo minutuetan, baina oraingoan etxeko taldea zen partzial handienak lortzen zituena. 5 minutu faltan tartea kezkagarria izatera iritsi da, Marinek 11 puntugatik irabazten baitzion gure taldeari: 27-16. Iraurgikoek, ordea, 0 eta 6ko partziala eginez partidua galdu nahi ez zutela erakutsi dute eta borrokan jarraitu dute. Laurden amaieran, galtzen izan arren 10 puntuko hormaren azpikoa zen tartea: 33 eta 25.

Aldageletatik itzuliak guztiz aldatu du partiduaren norakoa. Ordura arte Sammic ISB ibili bada markagailuan ez ezik jokoan ere etxeko taldearen atzetik, orain Iraurgiko taldea izan da jaun eta jabe. Hasierako 1 eta 6ko partzialak ireki du amaieran 33 eta 50ekoa izan dena. Marin Peixegalegoko jokalariak saiatu dira tarteak mantentzen, baina hirukoei esker segituan laburtu dute distantzia kanpokoek. Gainera, azken segundoan Garretek lortutako saskiratzeari esker puntu bateko desabantailarekin amaitu du Sammic ISBk hirugarren laurdena: 47 eta 46.

Eta azken laurdenean iritsi da Azpeitiko taldearen benetako zaparrada. Minutu eta erdi pasatakoan jarri dira partiduan aurretik eta ez diote gehiago etxekoek aurrea hartu. Apurka-apurka abantailak handitzen joan dira Buenoren mutilak eta hiru minutu eta 40 segundoren faltan Arrutiren hiruko batek 13raino zabaldu du abantaila. Etxeko taldeak hutsartea eskatu du partiduari aldaketa bat eman nahian baina gureek garaipena gertu ikusi arren gogor lanean jarraitu dute azken minutu arte. Azkenean, 66 eta 75 irabazi du Sammic ISBk eta horrela asko itxarondako 7. garaipena eskuratu du.

MVP: Ike Azotam: 12 puntu, 7 errebote, tapoi bat, bi falta jasota eta 14 puntutako balorazioa.
Ander Arruti: 9 puntu, 4 errebote, 4 asistentzi, bi falta jasota eta 14 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 16-10/33-25/47-46/66-75.

Marin Peixegalego: Suarez (8),Rogers (12), Azotam (12), Medori (6), Blair (2) – hasierako bostekoan - Ferreiro(8), Izquierdo (6), Adon Encarnación (4), Rapier (5), Rey (3).

Sammic ISB: Garrett (12), Arruti (9), Mendoza (5),Ucles (16),Zubizarreta (2),– hasierako bostekoan - Oroz (5), Iradier (5), Urtxulutegi, Caramasa (10), Mayer (11).