Lehen itzuliko "sentsazio onak" berreskuratzera

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urt. 9a, 17:12

Marin Peixegalego talde galiziarraren aurka jokatuko du Sammic ISBk bihar, larunbata, 19:30ean.

Iker Buenok eta Xabi Chicok zuzendutako taldeak Galiziara bidaiatuko du asteburuan bigarren itzuliari hasiera emateko. Lehen itzuliko lehen partiduetako sei garaipenak apur bat urrun gelditzen diren honetan, Sammic ISB orduko bidera itzultzen saiatuko da eta, orduan bezala, garaipena lortzeko asmotan jokatuko du Marin Peixegalego talde galiziarraren aurka. Larunbatean izango da partida, 19:30ean hasita, eta gureek berriro taldearen erritmo ona aurkitu nahi dute bertan.

Javier Llorenteren taldea azken bi partidetan garaipena lortuta iritsiko da neurketara. Joan den asteburuan etxetik kanpo Araberriri 20 puntuko aldearekin irabazi ostean, indarberrituta eta hazita ekingo diote partidari, ziurrenik. Gainera, etxean eta zaleen beroarekin jokatuta Sammic ISBri lehen itzuliko porrota itzuli nahiko diote. Beraien izarren artean kontuan hartzekoak dira Azotam pibot nigeriarra, Blair eskolta posizioan eta Suarez antolatzailea. Lehen horrek 15 puntuko balorazioa eskuratzen du partidako, batez beste (14,4 puntu, 6,6 errebote eta 2,9 falta jasota). Eskoltak, berriz, %48ko ehunekoa dauka hiruko jaurtiketetan (50etik 24) eta benetan garrantzitsua izango da hura gelditzea. Azkenik, joko antolatzaile espainiarrak jokuaren aspektu guztietan egiten du ekarpentxoa.

Iker Bueno: "Lanean ongi ari garenaren sentsazioa daukagu"

Bolada aldatzen hasteko garaia iritsi zaio Sammic ISBri eta hori egiteko esperantzaz ekingo diote bidaiari. Lehen itzuliko partidaren ostean entrenatzailea partiduan jasotako "sentsazio onei" buruz aritu zitzaigun, eta ea oraingoan ere gauza bera errepikatzen digun.

Honakoak esan dizkigu Buenok partida aurretikoan:

Urte berria iritsi da eta, oso larri ibili arren, ezin izan zenioten bolada txarrari amaiera eman. 2015a nolako urtea izango dela espero duzu?

Lan asko dugu aurretik, eta esfortzu handiko urtea izango da. Etxean sendoak izan behar dugu eta zaleei poz asko eta arrazoiak emango dizkiogu taldearengan konfiantza izaten jarraitzeko. Urtea ez da garaipen batekin hasi baina kantxarik zailenetako batean oso lehiakorrak izan gara. Argi dut lana eta dugun dena ematea ezinbestekoa izango dela momentu onak biziarazteko gure zaleei, eta jendearengan berriz ilusioa sortzea lortu behar dugu.

Nola aurkitzen da taldea?

Nahiz eta egoera erraza ez izan, taldeak lanean jarraitzen du eta ez dugu perspektiba galdu behar. Konfiantza izan behar dugu gure jokoan. Garaipenak lanaren eta esfortzuaren bitartez iritsiko direla badakigu eta beti bezala partidaz partida joan behar dugu. Orain Marinen irabaztea soilik dugu buruan.

Nolako sentsazioak dituzue entrenatzaileok?

Lanean ongi ari garenaren sentsazioa daukagu. Izan ditugu aste txarrak, non ezin izan dugun entrenamendu maila onena izan, baina helbururik handiena taldeak bere buruarengan sinestea da eta duen guztia ematea entrenamendu zein partida bakoitzean.

Bigarren partida jarraian kanpoan eta oraingoan bidaia luzea tokatzen zaizue. Nolakoa da Marin Peixegalego taldea?

Dinamika oso onean datorren taldea da eta, egia esan, oreka lortu du barruko zein kanpoko jokoan. Jaurtitzaile bikainak ditu kanpotik, Blair eta Rogers, eta bi joko antolatzaile oso ezberdinak. Gainera, Adonek eta Medorik 3 eta 4 posizioetan jolasteko duten aukerak taldeari jokatzeko era eta aukera asko ematen dizkio. Barruan, berriz, Azotamen fitxaketarekin asmatu dutela dirudi.

Zein uste duzu izango dela garaipena lortzeko gakoa?

Defentsako lanean sendoak izatea ezinbestekoa izango da eta beraien erreferenteen gainean kontzentrazio lan ona egitea. Erreboteak eta baloi galduek berebiziko garrantzia izango dute, eta erasoan aukera onak aurkitu eta determinazioz jolastea garrantzitsua izango da