Sammic-en erreakzioa ez da nahikoa izan garaipena eskuratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2015ko urt. 5a, 11:07

Avilan 65 eta 61 galduta, ezin izan dio bolada txarrari amaiera eman Buenoren taldeak.

Sammic ISBk ezin izan du urte berria garaipenarekin hasi eta, hori dela eta, urte amaierako bolada txarrarekin jarraitzen du. Partidara gaizki sartu zen Iker Buenok zuzendutako taldea eta horri buelta eman nahian aritu zen ondorengo minutuetan. Hirugarren laurden onari esker, Grupo Eulen Carrefour El Bulevard de Avila taldea berdintzea lortu zuen, baina ezin izan zuen amaieran partida irabazi. Azkenean, 65 eta 61 galdu zuen, eta honekin 6 garaipen eta 8 porrotekoa da Sammic ISBren balantzea. 

Partidaren laurden txarrena izan zen lehena Sammic ISBrentzat. Lo hasi zuen neurketa talde azpeitiarrak eta etxeko taldeak hori aprobetxatu zuen lehen tarteak irekitzeko. Avilak bere erritmoan jokatu zuen eta posizio guztietatik saskiratu zuen; aldiz, ISBkoak ez ziren gai izan saskiratzeko. Laurden amaieran 20 eta 8 irabazten ari zen etxeko taldea. 

Bigarren laurdena hobeto hasi zuen Sammi ISBk. Lehen bi puntuak sartuta, berriro Avilako taldearengana gerturatuko zirenaren esperantza zabaldu zuen; baina, etxeko taldearen hiruko batek berriro urrundu zituen markagailuan. Hortik aurrera partzial txikiak eginez aritu ziren bi taldeak. Etxeko taldea 15 puntuko tartea irekitzeko gai izan zen 7. minutuan (29 - 14) eta orduantxe etorri zen gure taldearen lehen erreakzioa. Hiru minututan 0 eta 8ko partziala eginda, 7 puntura gerturatu zen Buenoren taldea. Etxeko taldeak, ordea, ez zuen partida galtzeko asmorik eta berriro kontzentratuta lanean hasi zen. Horrela, 8 eta 2ko partziala egin zuen bere alde eta aldea berriro 13 punturaino eraman zuen. Sammic ISBren azken puntu bati esker, atsedenaldira 12 puntuko desabantailarekin joan ziren. 

Aldageletatik egindako joan-etorriak on egin zion Iraurgiri. Ideiak garbiago zituztela eta partidari buelta ematea helburu jarrita kantxaratu ziren azpeitiarrak. Defentsan koska bat igo eta lehen zortzi minutuetan 4 puntu bakarrik saskiratu zituen etxeko taldeak. Hori gutxi balitz, aurrean ere ondo aritu ziren gure mutilak eta, 19 puntu sartuta, markagailuan aurretik jarri ziren: 41 eta 44, 2 minutu faltan. Etxeko taldeak, baina, beste behin partida galtzerik ez zuela nahi erakutsiz, 4 eta 0-ko partziala egin zuen, berriro aurretik jarriz. Azkenean, abantaila txikienarekin aurretik amaitu zuen etxeko taldeak hirugarren laurdena. 10 minutu falta eta guztia erabakitzeko. 

Azken laurdeneko lehen minutuetan berdintasuna izan zen nagusi Avilan. Sammic ISB minutu gehienetan aurretik izan zen arren, segituan erantzun zuen etxeko taldeak, partida berdinduz. Amaitzeko 4 minutu eta 43 segundo falta zirela berdindu zuen azkeneko aldiz partida, 54na. Eta hortxe amaitu zitzaizkion indarrak ISBri. Etxeko taldeak garaipena nahi zuen eta, 10 eta 2ko partzialarekin, tarte gaindi ezina zabaldu zuen. Azken minutuan saiatu ziren gure mutilak berriro partidari buelta ematen, baina ezinezkoa izan zen. Azkenean, lau puntugatik galdu zuten: 65-61.

MVP: Dane Johnson: 19 puntu sartu, 17 errebote hartu, 3 tapoi jarri eta 6 falta jasota, 33 puntuko balorazioa.

Saskiratzaileak: 20-8/ 37-25/ 47-46/ 65–61.

GRUPO EULEN: Rodriguez (9), Duty (1), Marin (9), Johnson (19), Ballesta (11) –hasierako bostekoan– Lindstrom (5), Makonda (2), Young (9), Fernandez.

SAMMIC ISB: Arruti (8), Garret (21), Ugarabe (4), Camarasa (2), Ucles (16) –hasierako bostekoan– Mayer, Zubizarreta (6), Iradier, Urtxulutegi, Mendoza (4), Oroz.