Bigarren zati txarrak porrotera eraman du Sammic

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko abe. 29a, 14:09

Ez dira gai izan azken sailkatua mendean hartzeko eta 77 eta 84 galdu dute Araberri talde gasteiztarraren aurka.

Sammic ISBk denboraldiko zazpigarren porrota jasan du Azpeitiko kiroldegian. Sailkapenean azken postuan zen Saenz Horeca Araberri talde gasteiztarraren bisita jaso zuten igandean Iraurgi SBkoek eta bolada txarrari amaiera emateko intentzioz egin zioten aurre. Baina, askotan esan ohi dugun bezala, Zilarrezko Adecco mailan berdintasuna handia da eta partida guztiak ehuneko ehunean jokatu behar dira irabazi ahal izateko. Gure mutilek atsedenaldi ostean ez zuten ondo jokatu eta Iurgi Caminosek zuzendutako taldeak aukera aprobetxatu zuen beraien bolada txarrari amaiera emateko. Atsedenaldira arte aurretik izan zen Azpeitiko taldea, baina hirugarren laurden txarrak 77 eta 84 galtzera eraman zituen Iker Buenoren mutilak.

Ez ziren ondo hasi Sammic ISBren mutilak. Erasoan ideiarik gabe aritu ziren, saskiratzeak lortzeko zailtasunez eta, atzean gaizki egon ez arren, aurkariek beraien puntuak lortzen zituzten. Bi taldeetako inor ez zen, baina, beraien joko erritmoa ezartzeko gai. Markagailuan 4 eta 10ekoarekin Mendoza sartu zen kantxara eta taldeak aldaketa izan zuen. 10 eta 0ko partziala lortu eta aurretik jarri ziren partidan. Aurkariek, ordea, ez zuten partidatik at gelditu nahi eta hirukoa sartu zuten. Orduan Mayerren ikuskizuna iritsi zen; aurrean saskiratuz eta atzean bi txapel jarrita, taldeak 20 eta 13ko tartea ireki zuen. Hutsartea eskatu behar izan zuen Caminosek partida gelditzeko eta defentsa aldatu zuen. Laurdenaren amaierara, azkenean, 24 eta 18koarekin iritsi ziren.

Bigarren laurdena zonakako defentsarekin hasi zuten Araberrikoek eta gure mutilei kostatu egin zitzaien hori apurtzea. Kanpoko jaurtiketekin saiatu ziren, baina ez zuten asmatu. Hala ere, aurkariek ere ez zuten saskiratu eta ez zen markagailuan aldaketarik izan. Baina, Urtxulutegik bost puntu jarraian lortu zituen bi erasotan, eta 11 puntuko tartea ireki zuen Sammic ISBrentzat. Partida gelditu zuen Caminosek hutsartearekin eta, ondoren, Alex Arcelus izan zen bere taldearentzat bost puntu jarraian sartu zituena. Hortik aurrera, bi taldeek lortu zituzten saskiratzeak. Araberrikoek ezin izan zioten aurrea hartu Iraurgikoei eta azken horiek ezin izan zuten tartea zabaldu. Aipagarriak laurden horretan Aitor Astigarraga gazteak lortutako bi hirukoak. Laurdenaren amaieran, 40 eta 36.

Atsedenaldiaren ostean 4 eta 0koarekin hasi zen Sammic eta partida apurtuko zuteneko esperantza zabaldu zen kiroldegian. Baina irudikeria bat besterik ez zen izan, Araberrikoek 0 eta 8ko partzialarekin partida berdindu zuten eta. Defentsan gaizki aritu ziren etxeko mutilak eta Araberrikoek aurrea hartzeko aprobetxatu zuten. Gasteiztarrak bolada ona hartzen hasiak zirela, epaileek ISBren aldeko kirolez aurkako falta adierazi zuten. Etxeko taldeak ez zuen aprobetxatu aukera hori eta Araberrikoek tartea irekitzen jarraitu zuten. Bi minutu eta erdi falta zirenean 49 eta 56 aurretik ziren Caminosenak eta Iraurgiko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen. Azken minutuetan saskiratze trukea izan zuten bi taldeek eta azken segundoko saskiratzeari esker tartea 6 puntutara murriztu zuten etxekoek: 55 eta 61.

Azken laurdenean nahi eta ezin aritu zen etxeko taldea. Defentsan ez ziren sendo egon eta aurrean ideiak falta izan zitzaizkien. Hala ere, hiru puntuta gerturatu ziren Bueno eta Chicoren mutilak. Baina segituan 0 eta 4koarekin erantzun zieten arabarrek. Horrela aritu ziren, baina bi baloi garrantzitsu galdu zituzten etxeko mutilek eta, minutu baten faltan, zazpi puntukoa zen tartea. 26 segundoren faltan 3 punturaino gerturatu ziren berriro, Arrutiren hirukoari esker, baina kanpoko taldeak jaurtiketa libreetan ez zuen hutsik egin eta lasaitasunez amaitu zuen partida. Amaieran, 77 eta 84koa izan zen emaitza.

ISBkoen jaurtiketa libreetako bataz bestekoa %57koa izan zen eta horrela zaila da partida irabaztea. ”

MVP: Evan Yates: 18 puntu sartu, 15 errebote hartu eta 6 falta jasota, 27 puntuko balorazioa.

Saskiratzaileak: 24-18/ 40-36/ 55-61/ 77-84.

SAMMIC ISB: Arruti(9), Garret (9), Ugarabe (13), Camarasa, Mayer (10) -hasierako bostekoan- Ucles (8), Zubizarreta (5), Iradier (2), Urtxulutegi (5), Mendoza (10), Astigarraga (4).

SAENZ HORECA ARABERRI: Ortega (12), Blount (22), Yates (18), Arcelus (5) eta Villarejo (10), -hasierako bostekoan- Uriarte, Martinez (2), Sedekerskis, Lopez, Sastre.